Valenciaga Memoriala jokatuko da domeka goizean

Valenciaga Memoriala jokatuko da domeka goizean
2017/03/31 eta kitto!
Afizionatuen mailako estatuko txirrindularitza probarik garrantzitsuena izango da jokoan etzi goizean, Eibarren hasi eta Eibarren amaitu. Goizeko 08:55ean irtengo du tropelak Untzagatik eta martxa neutralizatuan joango da Azitaineraino, hor 09:00etan irteera ofiziala emateko lasterketari. Helmuga, bestalde, Plaza Barrian izango da, San Andres parrokiaren ondoan, gutxi gorabehera 13:00ak bueltan. Probaren 46. edizioa izango da jokoan eta Espainiako Kopan parte hartzen duten 28 taldeek hartuko dute parte, gonbidatutako Eibar Energia Hiria - Debabarrena eta Eulen taldeekin batera. Eibarko Txirrindularitza Elkarteko antolatzaileek aurreko urteetako ibilbidea zeozer aldatzea erabaki dute oraingoan eta, helmugara iritsi aurretik, aurten Ixuatik pasatuko dira lehenengo eta San Migueletik gero. Lasterketak 164 kilometro izango ditu eta aurten Eibar Foball Taldeko Fundazioa estrenatzen da babesle moduan.