“Ihesik” (Enrike Zuazua)

0    Iritzia 
CDwes76
“Ihesik” (Enrike Zuazua)
15 Api
7:27

Batzuetan, eraldaketa nahia eta etorkizun hobe bat sortzeko gosea desagertu egiten zaizkigu, nekaturik, aspertuta. Abisu seinalea da: borroka garrantzitsuak beti itxaropena desagertzean galtzen hasten dira. Eta optimismoa eta ilusioa egun hauetan ezkutatzen ari zaizkigu Kataluniako politikari sasoitsuen ihesarekin. Gidoi dramatiko baten antzera, benetako istorio hau krudela bezain hurbila da. Ez da erraza, ez, egunsentian, ezkutuka, azkeneko besarkada eman seme-alabei eta bikoteari, eta ihesaren bidea hartzea.

Askok, gainera, gure estatuan nahiko zabalduta dagoen pentsamoldearen adierazle gisa, inkisidoreak balira bezala, ihesaldia txalotu egiten dute, azken batean, ados ez daudenek edo eraldaketaren gose direnek Espainia laga eta beste herrialde batera joateko gonbitea baitute.

Ekintza bakoitzak bere ondorioak ditu bizitza honetan eta ausardia handia izan da katalanena, bai, aurkariaren boterea txarto neurtuz. Baina, hala ere, oraingoan kostuak altuegia dirudi.

John Milton XVII. mendeko poeta eta saiolari ingelesak honela idatzi zuen: “Iheslarien munduan, bide zuzenetik dabilena ihes egiten doala dirudi”.

Eta gertatzen ari denaren aurrean, pasiboki isilik geratu garenok, zalantzan gaude: Iheska ari dira edo gu gara atzean geratu garenok? Ez al dago Espainian akordiorako aukerarik, gizon eta emakume baketsuen hemorragia hau ekiditeko? Bertigoa sentitzen dugu. Norberari ere ihes egiteko gogoa ematen dio guzti honek.

Kontu hau ez da berria. 1492an Errege Katolikoek bertako juduei hiru aukera eman zizkieten: ihes egin, sutan erre edo kristautasunera bihurtu. Bostehun urte geroago, Zapatero presidenteak lege berri bat ezarri zuen, sefardiei Espainiako herritartasuna berreskuratzeko aukera emanik.

Oraingoan ere, antzeko, politikari katalanek hiru aukera dituzte: ihes egin, kartzelara joan edo euren asmo eta proiektu politikoei uko egin. Ez da erraza aukeratzea, hirurak txarrak baitira.

Norberaren ideologia eta asmoei uko egitea ez dirudi onartzeko modukoa denik militante sutsua denarentzat. Kartzelak ere ez dirudi hautabide egokia, eperik gabekoa ikusten dela kontuan badugu, bereziki. Eta ihes egitea ere, epe laburrean askatasun eta egitasmoak gordetzeko aukera bada ere, badakigu iraunkorra ez dela. Izan ere, mundu globalizatu honetan ez da erraza, ez, ezkutatzeko txoko segururik aurkitzea.

Ea beste 500 urte itxaron behar ez ditugun Espainiako presidente batek historia modu eskuzabalean berrikusi dezan eta laster iheslariak etxera bueltatzeko aukera duten. Ea harriak arin mugitzen diren.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »