Lorea Arakistain
Lorea Arakistain

"Izena eta izana"

2016/07/08
Nazio-markaz eta markagintzaz berba egiteko elkartu ginen duela hamar egun Iruñeko Kondestable Jauregian, UEUko udako programazioaren baitan. Elkartu baginen, elkartu ginen! Eta, elkartu ginenon harridurarako, zenbat elkartu ginen!
Euskaldunak ez gaude munduko mapa politikoetan. Hori hala da. Eta, gure burua izendatzerako orduan ere ez gaude ados. Bi premisa horiek izan daitezke nahikoa arrazoi gure marka garatzeko gaitasunik ez dugula onartzeko. Baina, premisa horiek bezain egia berdaderoa da markek balio dutela bereizteko eta nabarmentzeko. Marka ez da logoa, marka ez da izena. Markak emozioak sorrarazteko gai dira.
Izena eta izana, esan ohi da. Izena duena, ba omen da. Izana gauza ederrak egiteko gai den herria izanik, markagintzara begira subjektua izan daiteke eremu geografiko bat edo pertsona-komunitate bat. ‘Extraordinary people’  zekarren lerroburura Washington Postek euskaldunei buruzko erreportajean, kasualitatez aipatu jardunaldiaren biharamunean.
Gutaz ari dira. Gu ere aritu gaitezke. Ezberdintzen gaituenaz, munduari sentiarazi nahi diogunaz. Beharko luke epe luzera, ezberdinen arteko akordioetan oinarrituta eta agenda politikotik kanpo.
Izenak ekar dezala izana.