Lorea Arakistain
Lorea Arakistain

"Tele-lana"

2020/09/22
Tele-lana, tele-eskola, tele-yoga, tele-poteoa… bat-batean, dena zen tele. Ez da horrenbeste denbora pasa.

SARS-CoV-2 koronabirusaren ondorioz ezarritako konfinamenduan Internet bidez aritu ginen ohiko bizimodu eta jarduerekin jarraitzeko ahaleginean. Internet jarri genuen gure eta egiten genituen gauzen bitartekari, tele-lana eta tele-eskola izan ziren adibiderik garbienak. Interneten aurkitu genuen bizimodua eta errutinak ahalik eta gutxien aztoratzeko bidea. Internet bidez jardun genuen, ikasten eta lanean ez ezik baita kirola egiten, kontzertuak ikusten, partxisean jolasten eta lagunekin poteatzen ere. Ondorioz eta halabeharrez, Interneten erabilerak gora egin zuen, asko.

DE-CIX Madrilgo truke-puntuaren arabera, igoera % 50ekoa izan zen, eta, ondorioz, segundoko 500 Gbit gainditu zituen. Frankfurteko truke-puntuak, munduko trafiko-tasa handiena duenak, segundoko 9 terabit gainditu zituen.

Interneten sektorean lan egiten dugunok inoiz baino lan gehiago izan genuen. Gauza berriak kontsumitzen hasi ginen gehienok; beste zenbait, sortzen hasi ziren. Eta asko eta asko Internet bidez, etxetik, lan egiten aritu ziren lehen aldiz. Langileen % 4k egiten zuen lan etxetik pandemiaren aurretik eta % 34k pandemiaren lehen olatuan.

Horretarako, hainbat erakundek baliabide eta prozesuak egokitu behar izan zituzten erlojupean. Tele-lana esperimentu erraldoia ere bazen nolabait, zeinen ondorioz kontziliazioa errazteko tele-lana behin betiko ezarri zitekeen. Pandemia bat izan zitekeen lana, bizitza eta zaintza uztartzeko behar genuen bultzada. Zailena eginda zegoen.
Sei hilabete joan dira, birusa, ostera, ez. Olatu bat, bi olatu. Tele-lanean jarraitzen al duzue?