Enrike Zuazua
Enrike Zuazua

"Negar lehorra"

2016/04/22
Gaur, Kalamuako maldan, antzinako lagun batekin topo egin dut. Galduta zebilen zeharo. Urdurik, honela esan dit:
Malkorik gabeko negarrak egin ditut, mingarrienak, barrutik erretzen dutelako. Nire ikuspuntua, neure gogoak eta sentimenduak, hainbat aldiz azaldu ditut, baina oihartzun eta entzulerik gabe. Eraikin berriak jasotzen ahalegindu naiz, behin eta berriro, baina ingurukoek bata eta bestea bertan behera bota dituzte, berehala. Azkenean etxe gabe geratu naiz, eskuak zauriz eta kailuz estalirik. Ia den dena galdu dut. Berriz hasi beharra daukat, nekatuta nagoen une honetan, ilea zurituta. Arriskatu dut. Eta galdu egin dut. Baina egitean neure burua hobeto ezagutzeko aukera izan dut. Zaila da, bai, norberaren barnerantz begiratzea, kanpoko paisaia estimuluz beteta dagoenean, barruko argazkia gogokoa ez denean. Bideak ez nau inora eraman, ibiltzen jarraitu behar dudanaren seinale, zapatak gastaturik ditudan honetan. Baina noraezean bakarrik ez nagoela deskubritu dut, itsasoa naufragoz beterik baitago. Gaur amore eman dut, baina gaurkoz bakarrik, gau honen ostean, gau zuria agian, egun berria  izango delako. Neureak benetan direnak gutxi dira, baina mugagabeko autentikotasunarekin jantziak daude. Eurendako hitz hauek. Oraindik direnentzat, izan ziren eta izango direnentzat”.
Amaitu duenean lasaituta zegoen eta elkarrekin jaitsi gara herrira, bide osoan isilik. Ez ahazteko bere hitzak paper honetan idatzi ditut. Arrazoia duela uste dut. Bat-batean, bere hitzak entzutean, gure belaunaldiko hainbat naufragorekin gogoratu naiz. Agurrak naufrago guztiei. Suertatuko da, bai, irla bat. Amore ezin eman.