Eva Alberdi
Eva Alberdi

"Nola hezi feminismoan"

2018/03/26
Chimamanda Ngozi Adichie nigeriar idazleak liburuxka bat argitaratu zuen iaz: “Dear Ijeawele, or A feminist manifesto in fifteen suggestions”. Liburu horretan Chimamandak bere ideia feministak jasotzen ditu eta aholkuak eman ere seme-alabak feminismoan hezteko. Aurretik “Denok izan beharko genuke feminista” (Xangorin-Hik Hasi, 2017) ere idatzi zuen, bere ahotsa ozen entzuten hasi zenean feminismoaren alorrean. Ildo horretatik hezteko ematen dituen aholku batzuk hemen aipatuko ditut labur-labur:
Izan zaitez pertsona osoa. Emakume bat ezin da bakarrik ama edo emaztetzat jo eta definizioa horretara mugatu. Ez da lan egiteko baimenik eskatu behar.
Bion artean egin. Ume bat zaintzea biren gauza da. Aitek ez dute “lagundu” behar umearen zainketan, baizik eta egin behar dutena egin.
Genero rolak ez dira huskeriak. Generoa zer den kontzientzia izan baino lehenago genero rolak nagusitzen dira. Arrosa neskentzat, urdina mutilentzat. Hori tentelkeria dela irakastea oinarrizkoa da.
Feminismo “light”a errefusatu. Feminismoa haurdun egotea bezalakoa da, edo zaude edo ez zaude. Feminismoa ez da gizonek emakumeei eman beharreko baimen edo onespen kontua.
Besteen gustukoa izateko beharrari uko egin. Emakumeei erakutsi zaie gizartean atseginak izaten, gizonekin onak izaten. Baina hauxe erakutsi behar zaie: zerbait ez bazaizu gustatzen, kexatu egin behar duzu, esan egin behar duzu. Ez, ez da.
Beste hainbat aholku ematen ditu Chimamandak liburuxkan. Gehiago jakin nahi izatekotan, liburutegian daukagu; laster euskaraz ere bai.
Halaber, genero berdintasuna lantzeko ipuinak eta umeentzako liburuak ikusgai daude hil honetan umeen liburutegian; gero ere eskuragai egongo dira. Ikusi horietako batzuk irakur-gida honetan: https:// padlet.com/eibarkoliburutegia/o5tcnqgki5q