10 urteko poesia emariak jarraipena izango du gaur Ibarkurutzeko iturrian
Poesia-Musika X. Gaua egingo da gaur Ibarkurutzeko iturriaren inguruan. Edizio borobila da, baina Maite Lorenzo ekimenaren antolatzaileak dio ez dutela oso gauza berezirik antolatzea nahi izan. “Ez dugu poeta berezirik ekarri nahi izan. Egia esan, ekitaldia antolatzen hasi eta bi egunetara hogeita hamar lagunetik gora lagun zeuden etortzeko prest”, esan digu.
Eibarko, Ermuko (“Ermuko liburutegian poesia klaseak ematen ditut eta bertan parte hartzen duten gehienak etorriko dira), Bilboko (“Bilboko Gaur Poetikoko lagunek hasieratik lagundu didate eta eurek erakutsi didate gauzak nola egin”), eta Donostiko eta inguruko herrietako (“Ermuko klaseetara hango sei lagun etortzen dira poesia ikastera”) lagunak bilduko dira Ibarkurutzen gaur arratsaldean.
Parte-hartzaile bakoitzak errezitatuko duen poesia aukeratzen du. “Zehazten diedan gauza bakarra denboraren muga da. Izan ere, aurreko edizioetan poeta batzuek zortzi minutuko errezitaldiak eskaini dituzte eta gehiegi da. Poemak interesgarriak izaten dira, baina hain luzeak egiten baditugu, parte-hartzaile asko garenez, gehiegizkoa da”, kontatu digu Lorenzok. “Gero, beste batzuek 50 segundoko poemak errezitatzen dituzte, hori bai”, dio barrez.
Batzuek poeta famatuen lanak errezitatuko dituzte, baina beste batzuek eurek sortutako poesiak. “Lan handia egiten dute euren poesiak argitaratzeko. Orduan, ekitaldia bideoan grabatuko dugunez eta bertatik euren parte-hartzeak hartu ditzaketenez, bertan parte hartuizanagatik ordaintzeko modu bat da moduren baten”, Lorenzoren berbetan.
Aurtengo berritasun bat da saioa barixakuan egingo dela eta aurrekoetan baino pixka bat lehenago. “Lehen zapatuan egiten genuen, 20:00etan, eta gauean garraio publikoa zuten etxera itzultzeko. Baina aurten barixakura aurreratu dugu eta gauean ez dago garraiorik, beraz, pixka bat aurreratu behar izan dugu”, diosku antolatzaileak.
Musika lagun
Poesia musikarekin jantziko dute gaurko emanaldian eta Alberto Egia, Javi Alzola eta Jurgen Landa arduratuko dira horretaz. “Alberto Egia santua da. Behin ‘Grito de Mujer’ ekimenaren saio batera etorri zen Javi Arnaizen poema bati pianoarekin musika jartzeko. Teklatu bat ekarriko zuela esan zigun, baina guk Coliseon dagoen pianoa eskaini genion eta zoragarri iruditu zitzaion. Javiren poemarekin entseatzen hasi zen eta bertan geundenok gure poesiekin ere zerbait egiteko eskatu genion. Orduan, denontzat jo zuen”, kontatu digu Lorenzok. “Zein poema errezitatuko duzun jakin gabe, berak inprobisatu egiten du. Demaseko pertsona da eta asko maite dut”.
Hau ez da Lorenzo eta Egiaren arteko elkarlan bakarra. Izan ere, ‘El dia que me quieras’ izeneko ikuskizuna prestatu dute. “Poesia gustatzen ez zaienei dago zuzenduta”, Lorenzoren berbetan. “11 poema hautatu ditugu, oso onak direnak, eta oso ondo lantzen saiatu gara ahalik eta modurik onenean transmititzeko eta, saioa amaitzean, jendea poesiarekiko gustuarekin irteteko, zertxobait besterik ez bada ere”.
Egiak ‘El pacto’ taldean jotzen du, Bruce Springsteenen abestiak jotzen dituen bandan, Javi Alzola saxofonistak bezala. Alzola, gainera, ‘Fito y los Fitipaldis’ taldean dabil, ‘Platero y tu’ eta ‘Extrechinato y tu’ bandetan ibili ondoren. “Oso maila handiko musikaria da eta pertsona bikaina”, Lorenzoren ustez. “Albertori galdetu zion ea zertan zebilen poesia kontuekin eta, kontatu zionean, gustatu egin zitzaion eta parte hartu nahi izan zuen. Pandemiaren osteko urtean, Txaltxa Zelain egin genuen emanaldian, Vicente Alexandreren poesia errezitatu genuen eta berak saxofoia jo zuen entseatu gabe, inprobisatuz, eta zoragarria izan zen”.
Hirugarren musikaria eibartarra da, Jurgen Landa. “Eibarko Koro Gazteko zuzendari izan den Elena Martinek beti ekarri digu abeslari eta abesbatzaren bat Poesia-Musika Gauetara eta aurten Jurgen izango dugu gurekin. Txikitatik ezagutzen dut eta oso pozik nago. Berak sortutako hiru abesti kantatuko ditu eta ezustekoa izango da guztiontzat”, antolatzaileak dioenez.
Belaunaldi berriak
Lorenzo pozik dago parte-hartzearekin. Ez bakarrik poetek eta musikariek erakutsi duten prestutasunagatik, baizik eta lau neskato arituko direlako poesia errezitatzen. “Oso garrantzitsua da hori, agian ekimen honetako gauzarik garrantzitsuena”, bere iritziz. “Berebizikoa da guzti honek jarraipena izateko”.
Nesketako bik laugarren aldiz jardungo dute bertan, beste batek hirugarrenez, eta euretako batentzat lehenengo aldia izango da Poesia-Musika Gauan. “Ez dakit zein puntutaraino gustatuko zaien poesia, ikusi beharko dugu. Nik ez diet esaten zer errezitatu behar duten, libre lagatzen diet. Hori bai, oso ondo errezitatzen dute”, diosku antolatzaileak.
Ondo errezitatzea, gainera, ez da gauza erraza Lorenzoren ustez. “Poeta onak izan arren, batzuek ez dute errezitatzeko erraztasunik. Poesia egunkaria irakurtzen duzun bezala errezitatzen baduzu, ez da polita. Orduan, klaseetan errezitatzen erakusten dut. Ez hori bakarrik, baita laguntasuna, umiltasuna eta maitasun propioa ere, besteak beste”, azaldu digu Poesia-Musika gauaren antolatzaileak.