"Txirri, Mirri eta Txiribiton"en omenezko kontzertua eskainiko du Usartza txistulari taldeak urtarrilaren 8an
“Txirri, Mirri eta Txiribitonek oso ibilbide polita eta alaia daukate. Gainera, Joxe Mari Oiarzabalek euren abesti bildumen moldaketa eginda daukala jakinda, euren lana omenentzeko kontzertua egitea okurritu zitzaigun. Pentsatu eta buru-belarri hasi ginen ideiari forma ematen”, diote Usartzakoek. Aurkezpena ere berezia izango dela aurreratu digute, Filipo eta Pantxis pailazoen laguntza izango dute-eta.
Kontzertuko partaideak hurrengo hauek izango dira:
– Usartza Txistulari Taldea
– Ustekabe txaranga
– Eibarko J. B. Gisasola Musika Eskolako txistu ikasleak
– Pantxis eta Filipo pailazoak (Karmele A. eta Peio)
– Kezka dantza taldea
Kontzertuan doinu ezberdinak entzuteko aukera izango da: alde batetik, Txirri, Mirri eta Txiribiton, Pintto Pintto, Paristik natorren, Ttip eta Ttup, Behin edo behin, Moro katua, Allakuidaos, Lagunen itzala, Barre egin, Kli kla telebista, Zapi zuria eta Altza Felipe; eta, bestalde, Ustekaberen diskoko Eibarko Herria, Hiru gizon ilustre, Forjarien kanta eta Venid al pueblo de Eibar
Pailazo aintzindariak
Txirri, Mirri eta Txiribiton euskaraz aritzeko sortu zen lehenengo pailazo taldea izan zen. 1972. urtean “Kixki, Mixki eta Kaxkamelon” izenarekin hasi ziren. Lehenengo emanaldia 1972ko martxoaren 25ean eskaini zuten. Ondoren, 1983. urtean, “Txirri, Mirri eta Txiribiton” izen berria hartu zuten eta 1984. urtean Din Don Kikilikon telebistako programa hasi zen. Telebistan eta Euskal Herri osoko herri eta antzokietan emanaldi ugari eman zituzten. 2003-2004 urtean “Txirri, MIrri eta Txiribiton junior” sortu zen eta 2013. urtean “Txirri, Mirri eta Txiribiton” zaharren azkenengo saioa izan zen.