Osasuna zaintzeko aparatuak jarri ditu udalak Muzategiko parkean
Aparatu-multzo hori Muzategiko plazatxoan dago, Errebaleko atzeko aldean, Errebaletik Jardiñetara doazen eskailera mekanikoen lehen zatiaren amaieran. Aparatu hauek lehendik herriko beste leku batzuetan jarritakoen antzekoak dira: Berdintasunaren pasealekuan, Amañako dorreen ondoan; eta, Azitainen, tren-geltokiaren ondoko plazan.
Muzategiko lehenengo aparatuari ‘pasiatzekoa’ esaten zaio, eta bihotzaren eta biriketako funtzioa indartzeko balio du, beheko gorputz-adarren malgutasuna eta koordinazioa garatuz. Bigarren makinak ‘bela’ du izena, eta funtzio kardiakoa eta biriketakoa indartzeko, gorputzaren koordinazio orokorra hobetzeko, zirkulazioa eta digestio-sistema hobetzeko eta bizkarrezurra eta aldaka lantzeko balio du.
Beste joko bio-osasungarri bati ‘arraunketa’ deitzen zaio, eta bizkarreko muskuluak, sorbaldak eta bizepsak indartzeko aukera ematen du. Laugarren aparatua ‘iraupen-eskia’ da, besoen, hanken eta gerriaren indarra eta koordinazioa garatzeko balio duena; horrez gain, bihotz eta biriketako funtzioak indartzen ditu.
Bosgarren makinak `bizikleta´ izena du, eta horren bidez beheko gorputz-adarren malgutasuna eta koordinazioa garatzen da, eta, aldi berean, bihotz- eta birika-funtzioak indartzen ditu.
Jon Iraola alkatearen hitzetan, “gure hiriaren ezaugarri demografikoak kontuan hartuta, edadeko jende asko bizi denez, pixkanaka horrelako instalazioak ezarri nahi ditugu gure hiri-sarean, Eibar gero eta hiri atseginagoa eta pertsona nagusientzako irisgarriagoa izan dadin”.