Martxan da HELDU ekintzailetza-programaren bigarren edizioa
Eibarko Udalaren Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak, Debegesa eskualdeko garapen-agentziarekin lankidetzan, bigarrenez antolatu du HELDU ekintzailetza-programa. Ekimen hau iaz egin zen lehen aldiz, eta, izandako emaitza onak ikusita, Udalak erabaki du esperientzia errepikatzea. Programaren helburua da enpresa-ideia bat duten pertsonei aholkularitza eta laguntza ematea ideia hori probatzeko eta baliozkotzeko.
Parte hartzen duten pertsonek ikaskuntza-prozesu erabat praktikoa garatu ahal izango dute emaitzak lortzera bideratua, eta arloko adituek gidatua.
Horretarako, 100 ordu baino gehiago jasoko dituzte formazioan eta aholkularitzan. 40 ordu inguru formazio espezializatukoak izango dira, 50 ordu aholkularitzakoak eta 20 ordu tutoretza-saioetakoak. Landuko diren gaiak: negozio-ideiaren definizioa, proiektuaren zabalkundea, eta egitasmoa abian jartzeko beharrezkoak diren alderdi guztiak (baliozkotzea, estrategia, finantza-plana, marketin- eta salmenta-plana, ekipoak eta pertsonak, eta legezko alderdiak). Hori guztia emaitza zehatzak eta erabilgarriak lortzera zuzenduta.