Gabonetako Bigarren Eskuko Azoka egingo dute abenduaren 12an Errebalen

Errebal Plazan 10:00etatik 14:00etara izango da merkatua, eta haurrentzako Gabonetako apaingarriak egiteko bi tailer ere antolatu dituzte. Postua jarri nahi dutenek abenduaren 10era arte eman dezakete izena.
Gabonetako Bigarren Eskuko Azoka egingo dute abenduaren 12an Errebalen
2026/11/25 13:23
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Gabonetako Bigarren Eskuko Merkatuaren bigarren edizioa egingo dute abenduaren 12an, zapatua, Errebal Plazan, 10:00etatik 14:00etara. Ekimenaren helburua da berrerabilera sustatzea eta egoera onean dauden objektuei bigarren aukera bat ematea. Salmentan parte hartu nahi duten herritarrek, elkarteek eta ikastetxeek azaroaren 26tik abenduaren 10era bitartean eman beharko dute izena, 943 670 249 telefono zenbakira deituta edo esteka honetako formularioaren bidez.

Bi aukera izango dituzte parte-hartzaileek: norberak kudeatutako salmenta-postua jartzea edo objektuak gordailu-zerbitzuaren bidez saltzea. Bigarren modalitatean, gehienez hamar objektu utzi ahal izango dira, azoka egunean bertan, 9:00etatik 10:00etara. Antolakuntza arduratuko da salmentaz, eta 14:00etan jaso beharko dira saldu gabeko artikuluak eta bildutako dirua. Gordailu-zerbitzuan ez dute arroparik, erabilitako osagarririk edo tamaina handiko etxeko tresnarik onartuko; bai, ordea, liburuak, diskoak, kirol-materiala, dekorazio-artikuluak eta etxeko tresna txikiak, besteak beste.

Haurrentzako tailerrak

Azokaz gain, haurrentzako bi tailer egingo dituzte 11:30etik 14:00etara, material birziklatuekin Gabonetako apaingarriak egiteko. Bata 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzat izango da -heldu batek lagunduta-, eta bestea 7 urtetik gorakoentzat. Tailer bakoitzak 25 minutuko iraupena izango du, eta bost txanda eskainiko dituzte, 11:30etik 13:30era. Leku kopurua mugatua denez, txanda egunean bertan erreserbatu beharko da Errebal Plazan. Jarduerak doakoak izango dira.