Bigarren eskuko bizikleten azoka egingo da zapatuan Untzagan
Irailaren 16an (larunbata) emango zaio hasiera Mugikortasunaren Asteari bizikleten eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako objektuen bigarren eskuko azokarekin. Untzaga plazan izango da 10:00etik 14:00etara. Azokan parte hartzeko eta bizikletak edota bestelako objektuak lagatzeko hitzordua eskatzeko, ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea www.merkabi.eus/eibar estekaren bidez, edo 943 67 02 49 telefonoaren bidez. Parte-hartzea doakoa da.
Bai bizikletak bai bestelako objektuak (mugikortasun jasangarriarekin lotuak, hala nola patineteak, kaskoak, eta abar) erabiliak izan behar dira eta egoera onean egon; gordailuan lagako dira aurretik hitzartutako orduan. Objektuen kasuan, hiru onartuko dira gehienez ere.
Azoka amaituta, salmentaren zenbatekoa entregatuko da, edo, bestela, lagatako objektua itzuli egingo da. Era berean, azpimarratu behar da ez dela onartuko 500 eurotik gorako preziorik; parte hartzeko adinez nagusia izan behar da eta NANa eta telefono-zenbakia eskatuko dira.
Bestalde, goizean, azokaren ondoan, ohi bezala, bizikletak konpontzeko tailer bat ere egongo da Eibarko Klub Deportiboaren eskutik, non bizikleten oinarrizko konponketak eskainiko diren.
Era berean, arratsaldean, Eibarko Klub Deportiboak bide-hezkuntzako haurrentzako zirkuitu bat eta ginkana bat antolatuko ditu Untzaga plazan (euria egiten badu Astelena pilotalekuan izango da). Jarduera hauek 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzat izango dira. Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da bizikleta edota patinetea eramatea. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.