Komunikazioan aditua den Estitxu Garaik gehiago eta hobeto saltzeko gakoak azalduko dizkie merkatariei
2023/09/25
10:45
eta kitto!
Eibarko merkatarientzat bereziki antolatutako doako jardunaldia egingo da Errebal Plazan etzi (eguaztena, hilak 27). Ekitaldia Eibar Merkataritza Gune Irekiak (EMGI), Eibarko Dendarien Elkarteak, Gipuzkoako Merkataritza Federazioak, …eta kitto! Euskara Elkarteak eta Eibarko Udalak antolatu dute eta 14:30etik 15:45era izango da, Errebalgo erabilera anitzeko gelan (A aretoa). Komunikazioan eta estrategian aditua den Estitxu Garai Artetxek “Gehiago eta hobeto saldu. Brandingeko oinarrizko ikasgaiak” izenburuari jarraituko dio hitzaldian eta, besteak beste, komertzioak salmenta modu berrietara egokitzeko dauden tresna eta baliabideak azalduko ditu.
Estitxu Garai Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Publizitatean doktorea da eta, horrez gain, Persuasio eta Publizitate irakaslea UPVEHUn, analisi politikoan aditua, komunikazio eta estrategian aholkularia eta ikertzaile bisitaria New Yorkeko Unibertsitate Publikoan eta Irlandako Limerick Unibertsitatean ere bada. Gainera, Komunikazio Sozialeko Masterra du eta Bilbo-Barcelona Critical Theory (BiBa CT) taldeko kide da.
Berak zuzenduko duen saioa doakoa izango da, baina, antolaketa-lanak errazte aldera, aurretik izena ematea eskatzen dute. Horretarako, 943254083 edo 943206669 telefono zenbakietara deitu dezakezue.