GABONAK | Gabonetako oporretan ez aspertzeko moduko hamaika aukera

GABONAK | Gabonetako oporretan ez aspertzeko moduko hamaika aukera
2023/12/22 12:16
eta kitto!
Olentzeroren opariak jasotzeko pixka bat gehiago itxaron behar badugu ere, aspalditik gaude Gabonetako giroan sartuta. Udalak eta herriko merkatariek urtero antolatzen duten kanpaina Errebalen dagoen pinuaren argiak piztearekin batera hasi zen, eta ordutik hona gero eta gehiago dira herriko etxe eta leihoak apaintzen dituzten argiak. Ondo pasa Gabonak!

Opariak asteburuan, Gabon gauean banatuko dituzten arren, Mari Domingi eta Olentzero egun batzuk aurretik etorri dira Eibarrera, haurren oporren aurretik herriko eskoletara joateko. Urtero bezala, umeek pozarren, kantu artean hartu dituzte, eta batek baino gehiagok aprobetxatu du bisita idatziz eskatutako opariak berriz ere zuzenean eskatzeko, badaezpada edo… Dena dela, norbait gutuna idazteko berandu badabil, bihar arte izango du Olentzeroren buzoian sartzeko aukera, Pegoran eta Portalean.

Bestela, azken urteotako martxan, domeka goizean, hilaren 24an egingo dute kalejira Mari Domingik eta Olentzerok, 11:30ean Urkizutik abiatuta. Untzagaraino joango dira. Juan Bautista Gisasola Eibarko Musika Eskolako eta Adolfo Jainagaren ikasleekin batera, Kaleetan Kantuz taldekoek, galtzagorriek eta familiek lagunduta. Bidean hainbat alditan geratuko dira, atseden pixka bat hartu eta jende guztiarekin batera kantatzeko. Eta, kalejira amaitu eta jarraian, 12:30  aldera, udaletxean egongo dira, umeen azken eskutitzak jasotzeko.

Astelena Haur Parkea, izotz-pista eta barrakak
Bestalde, jende gehienak oporrak izango dituela-eta, umeen aisialdia betetzeko jarduera ugari antolatu dituzte aurten ere. Eibarko Udalak eta Eibar Merkataritza Gune Irekiak (EMGI) sustatutako kanpainaren barruan, patinatzeko izotz-pista, barrakak eta Gabonetako Haur Parkea egongo dira martxan.

Errebalgo izotz-pistak gaur zabaldu ditu ateak, eta urtarrilaren 7ra arte egongo da bertan patinatzeko aukera, goiz eta arratsaldez (11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara), abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik. Abenduaren 24an eta 31n, berriz, pixka bat aurretik, 19:30ean itxiko dute.

Eta, bihartik aurrera, Astelena pilotalekuak Gabonetako Haur Parkea hartuko du, 2 eta 12 urte bitarteko haurrentzako jarduera ugarirekin. Abenduaren 23an, 26an, 27an, 28an, 29an eta 30ean, eta urtarrilaren 2an, 3an eta 4an zabalduko dute, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era. Gabonen ostean ere, jarduerak martxan jarraituko du, martxora bitarteko zapatuetan.

Aipatutako bi horiekin batera, barrakak jarri dituzte herriko hiru tokitan: Txaltxa Zelain bost atrakzio ipini dituzte martxan gaur bertan, eta beste hiru Urkizun. Horrez gain, txikienentzako karrusela azaroaz geroztik dago martxan, anbulatorioko parkean, eta otsailera arte han jarraituko du. Beste barrakak urtarrilaren 8ra arte egongo dira.

Astelena Haur Parkea eta patinatzeko pista doakoak izango dira, kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan gutxienez 20 euroko erosketak egiteagatik emango diren bonuak aurkeztuz gero. Bonu barik, prezioa 3 eurokoa izango da, eta bietan ordu eta erdiz egon ahalko da, gehienez. Kanpainan parte hartzen duten establezimenduek, halaber, barraketarako bonuak ere banatuko dituzte. Abenduaren 22, 23, 26, 27, 28, 29 eta 30ean bonuak entregatuta euro bat ordaindu beharko da, eta 2 euro gainerako egunetan.

Aisialdirako jarduerez gain, Eibar eta inguruko artisauen eskaintzarekin Eibart azoka egongo da Untzagan, jaiak amaitu arte.

Urtarrilaren 5ean Errege Magoak
Gabonak amaitu aurretik, urtarrilaren 5ean, Errege Magoen txanda izango da. Eibarko Musika Bandarekin batera, 19:00etan hasiko da kabalgata, Untzagan. Bi ordu lehenago, Ipurua Kiroldegian Nele Dantzaren, Eibarko Balletaren, Kaxaren, Koaren eta Ipuruako Gimnasia Erritmikoko Klubaren emanaldia egingo da. Bertara joateko gonbidapenak aste honetan banatu dituzte.