Einer Rodriguezek zaharberritutako erretratuekin egindako erakusketa, gaurtik aurrera Untzaga Gizarte Etxean
2024/02/09
10:37
eta kitto!
Gaur, hilak 9, erakusketa berri bati emango diote hasiera Untzaga Gizarte Etxean, "ENTRE RECUERDOS" izenarekin. Argazkiak zaharberritzeko erakusketaren bigarren edizioa da, eta Einer Rodriguezek zaharberritutako erretratuak erakusten ditu bertan, Daniela Agudeloren kolaborazioarekin. Beraz, argazki zaharren edo urteak pasa hondatutako argazkien zaharberritzearen aurrekoa eta ondorengoa ikusi ahal izango da.
"Erakusketako izarra Eibarko armarria izango da, Lucas Alberdi artista polifazetikoak interpretatua eta bere garaian Untzaga Gizarte Etxea kudeatzen duen Elkarteari oparitu ziona. Armarri honek, " MUY EJEMPLAR CIUDAD DE EIBAR " leloarekin, errepublikar kutsukoa, harresiz inguratutako koroa erakusten du, eta lanbide eta arteei presentzia ematen die. Ederra, beste erretratu interesgarri batzuekin batera, ezin duzuena galdu", azaldu dute Untzagako Jubiletxetik.
Esan bezala, gaur zabalduko dute erakusketa, 19:30ean, eta otsailaren 25era arte egongo da ikusgai, ohiko ordutegian (astelehenetik ostiralera 19:15-21:15 bitartean eta zapatu eta domeketan 12:00-14:00 bitartean).