2024ko errenta aitorpena euskaraz egitera deitu dituzte herritarrak
Iaz Eibarren egin ziren errenta aitorpenen %12 inguru euskaraz egin ziren eta, kopuru hori handitzen jarraitzeko, herritarrek aurtengo errenta aitorpena ere euskaraz egin dezaten animatzeko kanpaina abiarazi dute Eibarko Udalak eta Eibarren AKEBAI plataformak. Beraz, astindu ohiturak! Ea oraingoan 2.000ra iristen garen!
Errenta aitorpena egiteko sasoian bete-betean sartuta gaude, eta Gipuzkoan ekainaren 30era arte iraungo du.
Azken urteotako datuei begiratuta, 14.700 herritar inguruk egin du errenta aitorpena Eibarren, eta horietatik 1.700 inguruk euskaraz egin dute (%11,5). Kopuru hau urtero handituz joan da, eta Eibarko Udalaren asmoa edo erronka 2.000ra iristea da. Horretarako, aurreko sei urteetan bezala, Errenta Aitorpena Euskaraz kanpaina abiatu dute Eibarren AKEBAItik.
Euskara normalizatzeko urrats bat gehiago
2008tik Foru Aldundiak urtero pasatutako datuak ikusita, errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen kopuruak Eibarren ere gora egin duela esan digute Eibarren AKEBAIko Maider Urbietak eta Arkaitz Urangak.
Maiderrek azaldu digun moduan, "bere bizitzako esparru guztietan euskaraz bizi nahi duenarentzako garrantzitsua da gogoraraztea administrazioarekin ere egin dezakeela euskaraz; hori bere hautua da, eta tramiteak hizkuntza horretan egin nahi baditu administrazioa ere prest dagoela jakin behar du. Euskara normalizatzeko eta arlo guztietan presente egoteko beste modu bat da azken batean".
Errenta aitorpena bezalako tramite burokratikoak egiterakoan askotan erosotasunera jotzen dugula dio Arkaitzek. "Ohituragatik bi aldiz pentsatu gabe gaztelerara jotzen dugu, eta, horregatik, kanpaina hauek baliagarriak dira buruari klik egin eta konturatzeko esparru hauetan ere euskara erabili dezakegula".
Zailena lehen aldia
Errenta aitorpena egiteko dauden hiru moduetako bakoitzean (autolikidazioa, mekanizatua edo Internet bidez) euskara aukeratu daitekeela gogoratu digute AKEBAIko ordezkariek.
Gauza guztietan bezala, zailena lehen aldia da kontu horretan ere: "Errenta aitorpeneko terminologia edo hiztegi hori urtero errepikatuko da. Hasieran hizkuntzara ohitu beharko gara, eta horretarako badaude hainbat erreminta, baina behin dinamika hartuta errazagoa izango da", esan digu Maiderrek.
Euskara aukeratzearen garrantzia bereziki jende gazteari edo errenta aitorpena lehen aldiz egiten dutenei azaldu nahi izan die Arkaitzek: "Zure lehen edo lehenengoetako errenta aitorpenetan euskara aukeratzen baduzu, ziurrenik bizitza osoan euskaraz egingo duzu. Terminologia beti da konplikatua hizkuntza batean zein bestean, eta, horregatik, klabea da hasieran hautu hori egitea etorkizunera begira euskaraz egiten jarraitzeko.