2025eko lehen Txikitto! aldizkaria LHko ikasleen eskuetan dago dagoeneko

Musikaz eta dantzaz jardun dugu La Salle Isasi ikastetxeko ikasleekin.
2025/02/05 12:44
eta kitto!

Aurreko astean banatu zen TXIKITTO aldizkariaren 229. alea, 2025ko lehen alea (hemen daukazu PDF formatoan).

Musikaz eta dantzaz jardun dugu La Salle Isasi ikastetxeko ikasleekin. Carmen Etxaluzek, Luken Osorok, Mara Ruizek eta Alex Bastidak osatzen duen laukoteak musika maite du dantzaren gainetik, baina erritmo batzuen aurrean geldirik gelditzen ez den taldetxoa da. Musikari dagokionez, denetariko doinuak entzuten dituzte, bakoitzak bere gustuak ditu, baina denek dute trebezia amankomun bat: ukelelea jotzen dute. Txirularekin trebatu ondoren, musika-tresna hori jotzen ari dira gaur egun eta ez dute baztertzen etorkizunean beste zerbait jotzen ikastea. Nork daki, agia musika talde berri baten sorreraren aurrean gaude. Zein izen jarriko liokete taldeari?

 

"GURE NAGUSIEKIN BERBETAN” atalean Josu eta Jol aitxitxa eta biloba elkartu ditugu oraingoan, Iturburu ikastetxean, bertan ikasten ari baita Jol 6. mailan. Kontu-kontari gustura jardun dugu gai askoren inguruan.

Hori guztiaz gain, ikastetxeetako berriak, horoskopoa, errezeta eta eskulanak, ikasleek egindako denborapasak, txisteak eta ipuina eta beste hainbat atal aurkituko dituzue.

Txikitto! aldizkaria irakurketa eta idazketa-trebetasunak lantzeko aldizkaria izateaz gain, ikastetxe-guraso-ikasle/seme-alaben arteko harremanak euskaraz izan eta ondo pasatzeko aukera ematen digun euskarri ezinhobea da. ...eta kitto! Euskara Elkarteak sustatuta, Ikasle eibartar guztiek HILERO eta DOAN ikastetxean bertan jasotzen dute aldizkaria. Egitasmoa partehartzaile eta irekia da: ikasle, irakasle eta gurasoen arteko elkarlanean oinarrituta dago. ALDIZKARIAK DESKARGATZEKO  BIDEOAK IKUSTEKO