27. Euskal Dendak 54 artisau bilduko ditu Durangon domekara bitartean
Durangoko azokako plazan 54 artisau izango dira guztira. Kopuru horrek % 10 handitzen du topaketan parte hartuko duten profesionalen kopurua. Arbasok azaldu duenez, “eskaintza handitzeko benetako ahalegina egin da. Horretarako espazioa birbanatu egin dugu. Hau da gure erreferentziazko azoka, urteko garrantzitsuena, eta, horregatik, parte hartzeko eskaera ugari jasotzen ditugu. Badakigu nolako garrantzia duen artisauen eta ikusleen arteko topaketa mota horrek, eta aurten parte-hartzaile gehiago egon daitezen ahalegin berezia egin dugu”.
Edizio honetan Bizkaiko sektoreak izango du ordezkaritza handiena, artisauen %62 izango baitira bizkaitarrak. Baina ez dira faltako Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurditik etorriko direnak. Bestalde, 54 parte-hartzaileetatik 15 Durangon aurkeztu dira lehen aldiz; horietako batzuk sortu berriak ere badira, hori dela eta, “bizi garen une gogor hauetan sekulako albistea da artisautzan aritu nahi duten profesionalen sinadurak sortzea” adierazi dute arduradunek.