32'7 millioiko aurrekontua kontrako boto barik onartuko dabe
Miguel de los Toyos alkatiak oin dala egun batzuk azaldu ebanez, "aurrekontu proposamena beste alderdixeri pasau eta gero egitten dittugun billeretan, ahal dan neurrixan beti ahalegintzen gara oposiziñuak egindako proposamenen inguruan ados ipintzen. Izan be, aurrekontuak zenbat eta babes haundixagua izan, orduan eta hobeto dala pentsatzen dot". Hori esan ebanian, alderdixen arteko negoziaziñuak azken txanpan eguazen: sozialistak PP alderdixarekin egonkortasunerako hitzarmena siñatuta dakanez, PP-ko ordezkari bixen aldeko botua jasoko dabela badaki. EAJ alderdixarekin, barriz, egun batzuk lehenago lotu zittuan kontuak: jeltzaliak aurrekontu proposamenari egindako sei zuzenketa onartu zetsazen eta, horrekin pozik, EAJ-k botaziñuan abstenziñuaren bidiari segiduko detsala emon eban aditzera urtarrillaren 28xan. Eta oin dala astebete EH Bildurekin ados ipintzia oindiñok posible ez bazan be, alkatiak "azken momenturaiño" ados ipintzen ahaleginduko zirala aurreratu eban eta aste honetan, astelehen illuntzixan emon eben aditzera alkatetzatik Bildurekin egunian bertan egindako billeran lortu ebela ados ipintzia. Adostasunerako hitzarmenak jasotako puntuen barri emotiarekin batera, Bildukuak be abstenidu egingo dirala aurreratu eben erredakziñora bialdutako idatzixan.
Zirriborruaren oiñarrixak
Aurrekontuaren zirriborrua lantzerako orduan hainbat irizpideri begiratu detsela azaldu eban alkatiak aurreko asteko prentsaurrekuan: "Bizi dogun errealidade sozioekonomikuak derrigortuta lehentasunak ezarri bihar dira nahittaez. Horrekin batera, krisixak eragindakueri laguntzeko udalak eskintzen dittuan zerbitzuetan kalidadiari eutsiko jakola ziurtatu biharra dago. Eta, zelan ez, herritarreri parte hartzeko eskindutako bidietatik aillegau jakuz proposamen eta bestelakueri ahal dan neurrixan erantzun bihar detsagu. Eta hortik aparte, jakiña, ezin geinke ahaztu azken udal hauteskundietan sozialistak presentau eben programiak jasotzen dittuanak betetzeko geure gaiñ hartu genduan konpromisua".
Aurrekontuak izan daben igoeriarekin pozik dagoz: "Eusko Jaurlaritzak udalari emongo detsazen 3'1 millioi eurueri zor detsagu %13ko igoeria. Bestela, Jaurlaritzak diru hori emon ezian, igoeria %2'5 ingurukoa izango litzake".
Edozelan be, alkatetzaren memorixiak amaieran jasotzen dabenez, "Gipuzkoako ekonomixaren errekuperaziñorako lehen zantzuak finkatzeko itxaropena daukagu, jarduera ekonomikuak dakan gorako joeria indartuko dala eta, horri eskerrak, herriko famelixak gaur egunian jasaten diharduen zailttasunak gainditzen juateko moduan izango garala pentsatzen dogu. Holan, administraziñuak herritarrak dittuen premiñeri erantzuteko baliabide gehixago eukiko dogu. Baiña, bixen bittartian, asmo hori betetzeko gure esku daguazen baliabidiekin biharrian segiduko dogu".
EH Bildu eta EAJ-ren abstenziñorako klabiak
Aurrekontua onartzeko plenuan, PSE-EE eta PP alderdixak aldeko botua emongo dabe eta EH Bildu eta EAJ-kuak, barriz, abstenidu egingo dira. Hortaz, aurrekonturako proposamena kontrako botorik jaso barik onartuko dabe oinguan. Hori holan izateko arrazoia, azken egunotan alderdixen artian egindako billeretan, Bildu eta jeltzaliekin adostu dittuen hainbat puntu proposamenari gehittu detsazela da. Jarraixan, bakotxarekin adostu dittuenen zerrendia irakur zeinkie:
EAJ/PNV-rekin adostutakuak
1.- Untzaga-Txaltxa Zelai eta Eibarko Txikito-Txaltxa Zelai bittartian eskillera mekanikuak estaltzia. Horretarako biharrezkua dan dirua akzeso mekanikuen hobekuntzarendako daguan partidatik hartuko dabe.
2.- Herriko hainbat tokittan oiñezkuendako jasotako pasabidiak egittia, ume eta elbarrituen aulkixekin-eta ibiltzia errazteko. Horretarako eguan partidari 20.000 euro gehittu biharko jakoz.
3.-Birjiñapen daguan etxian bizi diranendako kalera sartu eta urtetzia erosuagua izateko, gora eta behera daguazen eskillarak saihesteko aldapia egitteko aukerak aztertzeko konpromisua.
4.- Toribio Etxebarria kalian doaneko OTA sistemia ezartzia, Errebalgo aparkalekuan martxan daguanaren adibidiari jarraittuta. Tiketak emoteko hiru makiña ipintzeko eta kalia sistema barrirako moldatzeko 40.000 euroko gastua aurreikusi dabe.
5.- Arrateko aterpetxetik edo Usartzatik abiatuta, Memorixa Historikuaren Ibilbidia seiñalizatzen hastia eta proiektuan aurrera egitten segitzia.
6.- Jendia herriko kale eta parkiak garbi egoteko garrantzixaz jabetzeko kanpaiñia egittia (6.000 euro).
EH Bildurekin adostutakuak
1.- Eibarren Ekocenterra sortzeko bideragarritasun ikerketia egittia (18.000 euro). Ikerketia 2014ko ekaiñaren 30erako eginda egon biharko da eta, ikerketiak Ekocenterra sortzeko baldintza egokixak betetzen dirala azalduko baleu, Udalak Mankomunidadiarekin batera 2015ian martxan ipintzia hitzartuko dau.
2.- Kale-argiztapena hobetzia eta, horretarako, partidiari 72.120 euro gehittuko jakoz. Aldaketak eta ikerketak zerbitzu batzordian aztertuko dira eta 2014ko abenduaren 31 baiño lehen egingo dira.
3.- Gertatu programarendako partida haunditzia (16.300 euro), Eibarko enpresa txiki eta ertaiñen konpetibidadia hobetzeko erronka teknologikuen inguruko proiektuetan erabiltzeko.
4.- … eta kitto! Euskara Elkartearekin Udalak dakan hitzarmeneko partidia igotzia (22.300 euro), Berbetan eta Euskara saillak egoki ikusten dittuan programak garatzeko aukeria izan deixan.
5.- Bakarrik bizi diran zaharrendako suaren kontrako sistemak ipintzia (40.000 euro). 2014ko abenduaren 31 baiño lehen ezarrita egon biharko dira.
6.- Errebalgo proiektuaren harira, udal aurrekontuan ideien-lehiaketia eta partehartze prozesua, bixak ordaintzeko dirua egon badago. Beraz, fase hori amaitzen dabenian, proiektua erredaktatzeko biharrezkua dan dirua gehittuko jakola adostu dabe.
7.- Gure herrixan birziklapena ikertu eta horren inguruko hausnarketan biharrian jarduteko taldia eratuko da, Ingurugiro batzordiaren barruan. Bertan sortutako proposamen guztiak Mankomunidadiari helaraziko jakoz, beti be helburua hondakiñen bilketia hobetzia izanda. Taldian, ordezkari politikuekin batera, GARDEN taldia be ordezkatuta egongo da.
Kontuan izateko zenbakixak
- 2014rako 32.718.688 euroko presupuestua onartuko dabe plenuan.
- Inbersiñuetarako 5'2 millioi aurreikusi dittue. Horren barruan Eusko Jaurlaritzak herriko irisgarritasuna hobetzeko proiektuetan erabiltzeko emon dittuan 3'1 millioi euruak dagoz. Batez be igogailluak ipintzeko (Amaña, Urki, Legarre eta Bista Eder-Eulogio Garate kalietan) eta lehendikan ipiñita daguazen eskillara mekanikuak bihar dittuen egokitzapenak egitteko erabilliko dabe diru hori.
- Obra txikixetarako 600.000 euro dagoz. Diru hori auzorik auzo egindako billeretan jendiak azaldutako keja eta bestelakueri erantzunda egin biharreko konponketak egitteko erabilliko dabe.
- Presupuestuan Larrialdi Sozialetarako 294.000 euroko partidia jaso dabe. Iazkuarekin alderatuta (225.000 euro) %30eko igoeria egon da.
- Enplegua sustatzeko egitasmuak lehentasuna izango dabe eta, horregaittik, atal horretarako igoeria %55-ekua izan da (iazko 290.000 euruetatik 450.000 eurora igo dabe partidia).
- Garapen ekonomikuari eta barrikuntzari lotutako gaixak be lehentasunezkuak dira: Berreibar, Makers, Gertatu, Ekingune eta beste hainbat proiektu sustatzeko 774.000 euroko partidia aurreikusi dabe (aurtengo 685.000 euroko partidarekin alderatuta, igoeria %13kua da).