Zientzia-tailerrak eta espezie exotiko inbaditzaileen kontrolerako jardunaldia antolatu dituzte Asteklimaren baitan
Datorren barixakuan (urriaren 24an) Klima-aldaketaren inguruko zientzia-tailerrak familian ekimena egingo da Errebal Plazan, 17:00etatik 19:30era bitartean. Antolatzaileen berbetan, “esperimentu praktikoen bidez, hainbat fenomeno zientifiko eta ingurumenekoen berri emango da, irtenbide jasangarriei buruzko hausnarketa bultzatze aldera”. Euskaraz izango dira, 5 urtetik gorako umeentzat, eta aukeratzeko bost txanda egongo dira.
Horrez gain, urriaren 26an, domeka, Lurgaia Fundazioa eta Eibarko Baso Biziak elkarteekin elkarlanean, espezie exotiko inbaditzaileen (EEI) kontrol-jardunaldi bat egingo da. Orain dela bi urte sortutako Pagaegikorta proiektua ere bisitatuko da, “aldaketa globalean basoek duten eraginaz hitz egiteko”. Herritar guztientzako moduko jarduera da, lau ordu ingurukoa. Urkora igotzeko aparkalekuan elkartuko dira, Ixuan, 09:30ean. Plazak mugatuak dira, eta izen-emateak urriaren 23ra arte egin ahalko dira, info@lurgaia.org helbidera mezua bidaliz (parte-hartzaileen izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefono bat adierazi). Aipatutakoekin batera, Udal Liburutegian interesgunea prestatu dute, aldaketa klimatikoari buruzko hainbat libururekin, baita irakurketa-gida bat ere.