55 haur elkartu ziren ikasturteko laugarren mendi irteeran
Haurren Mendi Irteeren ikasturteko laugarren txangoa egin zen domekan, abenduak 14, Kanpazar, Besaide eta Udala artean. Guztira 55 haurrek hartu zuten parte eta domekan egin zuen egun atseginaz gozatu ahal izan zuten lagun artean.
Behelainoak egun argitsu eta freskoari eman zion tokia goizean, eta Kanpazar gaineko harrobia atzean laga ondoren, erabat lokaztutako pista zabal batean barneratu ziren, Santa Luzia baselizarako bidegurutzera iritsi eta bertan Artadi (509 m) tontorra gainditzeko.
Handik, azpiko pistara bueltatu eta Besaidera (555 m) jo zuten, Gipuzkoa-Bizkaia-Araba elkartzen diren puntura, hain zuzen. “Ordurako, eguzkia jaun eta jabe zen, hamaiketakoarentzako tartean giroa goxotuz. Aurrez aurre Anboto, ikusgarri, harrizko piramide perfektua! Giro atseginaz gozatu eta makina bat argazki atera ondoren, bideari berrekin genion, Arrasateko Udala auzora arte, bertan etxera eramango gintuzten bi autobusak zain genituelarik”, kontatu digutenez.
Hurrengo irteera 2026ko urtarrilaren 18an egingo dute: Orio – Kukuarri (337 m) – Igeldo.