586.897 euroan adjudikatu dira Ubitxa San Kristobalekin lotuko duen lehen igogailuaren obrak

586.897 euroan adjudikatu dira Ubitxa San Kristobalekin lotuko duen lehen igogailuaren obrak
2021/09/20 17:52
eta kitto!


LUbitxa kalea eta San Kristobal auzoa lotuko dituen lehenengo igogailu publikoa eraikitzeko lanak laster hasiko dira, Udalak Obras Especiales Edificación e Infraestructuras SAU enpresari  586.897 euroan proiektua gauzatzeko lanak esleitu ondoren. Lanek 46 aste irautea aurreikusten da.





Bi igogailu egingo dira inguru horretan, eta orain adjudikatu dena da horietako bat.  Bi igogailu horiek, kota desberdinetako pasarelekin, eta elkarrengandik 40 metrora kokatuak, Ubitxa eta San Kristobal lotuko dituen oinezkoentzako ibilbide bat osatuko dute, kale horien  inguruko etxebizitzei ere zerbitzua emateko.

Orain esleitu den igogailua Ubitxa kaleko 2 zenbakitik abiatuko da. Bi geraleku izango ditu, eta pasarelen bidez atarietarako sarbidea erraztuko du. Goiko pasarela ere bigarren igogailuarekin lotuta egongo da. Bigarren igogailua aurrerago aterako da lizitaziora, eta, hartara, bi kale horiek lotuta geratuko dira.

Bigarren igogailua 4 zenbakiko etxabearen ondoan jarriko da, gaur egun, 6 eta 21 atariei sarbide ematen dieten arrapala eta eskailera batzuk dauden tokian; 3 geraleku izango ditu, pasarela eta arrapalekin, atarietarako sarbidean hirigintza-oztoporik ez izateko.

Udaletik azaldu dutenez, "igogailu hauek egitea planteatu zenean, irtenbide egokiena bilatu zen, kontuan izanik helburua dela Ubitxa eta San Kristobal artean dagoen auzoaren goi aldeari zerbitzua ematea, inguru horretako irisgarritasuna oso konplikatua baita aldapa handiak daudelako kaleen artean; eta, baita ere, ahalik eta auzotar gehienei zerbitzua ematea eta ingurunean ahalik eta inpakturik txikiena eragitea".

igogailua ubitxe