6.282 atxikimendurekin itxi da Basalgo eolikoen proiektuaren aurkako herri-alegazio kanpaina
Abenduaren 22an amaitu da Basalgo parke eolikoari alegazioak aurkezteko epea. Eibarko Mendiak Bizirik plataformak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, guztira 6.282 herri-alegazio bildu dira, Eibar, Soraluze eta Bergarako ekimen herritarretan jasotako atxikimenduak kontuan hartuta. Horrez gain, kaltetutako bost udalerrietako udalek ere alegazioak aurkeztu dituzte.
Plataformak azaldu du herri-alegazioen kanpaina azaroaren 29an abiatu zela, eta lehen egunetan milatik gora sinadura jaso zituela. Hiru asteko epean, 5.702 pertsonak sinatu dituzte alegazioak, Eibarren bertan ez ezik, baita inguruko udalerrietan eta beste hainbat tokitan ere.
Prentsa oharrean jasotzen denez, herri-alegazioek bederatzi puntu biltzen dituzte, bost ardatz nagusitan egituratuta: proiektuaren eta lurralde-antolamenduko araudiaren arteko bateragarritasuna, biztanleriaren osasunean eta bizi-kalitatean izan ditzakeen ondorioak, ingurumen-inpaktuak, landa-eremuaren eta kultura-ondarearen gaineko eragina, eta baliabide eolikoaren justifikazioa.
Era berean, Eibarko Mendiak Bizirik plataformak 30 alegazio tekniko ere aurkeztu dituela adierazi du, herri-alegazioei eta udalek, elkarteek zein partikularrek egindako beste alegazio batzuei gehituta.
Basalgo parke eolikoaren proiektuak sei aerosorgailu instalatzea aurreikusten du Eibar, Soraluze eta Bergarako mendietan. Plataformak azaldu duenez, proiektuak eragina izan dezake inguruko beste udalerri batzuetan ere, tartean Elgeta eta Elgoibar.
Eibarko Udala ere proiektuaren aurka: “Egitasmoa ez da bateragarria kokatu nahi den tokiarekin”
Eibarko Udalak bere aldetik, Basalgo Parke Eolikoaren aurkako txostena aurkeztu du. Txostenak dioenez, proiektuak gabezia tekniko larriak ditu, baterazitasun urbanistikoz beterik dago eta ingurumen-arrisku nabarmenak ditu, eta kalte nabarmenak eragin ditzake biodibertsitatean, ondare kulturalean, paisaian eta herritarren bizi-kalitatean.
Udalak nabarmendu duenez, ez dira alternatiba jasangarriagoak behar bezala aztertu, ezta proiektuak izango lituzkeen ondorioak ere. Halaber, haize-sorgailuak baso-eremu babestuetan kokatzen direla eta horrek paisaia eta ingurune naturalaren narriadura atzeraezina ekarriko lukeela ohartarazi du.
Ondare kulturalari, zaratari, bibrazioei eta segurtasun-arriskuei lotutako eraginak ere ez direla behar bezala ebaluatu adierazi du Udalak. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari Ingurumen Inpaktuaren Kontrako Adierazpena egiteko eta proiektua bertan behera uzteko eskatu dio, gardentasuna eta udalaren parte-hartzea prozedura osoan bermatzea eskatzearekin batera.