Amaitu da Basalgo parke eolikoaren aurkako alegazioak aurkezteko epea

Eibarko Mendiak Bizirik plataformak alegazioak entregatu ditu gaur goizean.
Amaitu da Basalgo parke eolikoaren aurkako alegazioak aurkezteko epea
2025/12/22 16:15
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Gaur, abenduak 22, amaitu da Basalgo parke eolikoaren proiektuari alegazioak aurkezteko epea. Epearen amaierari izaera sinbolikoa eman dio Eibarko Mendiak Bizirik plataformak, Pegoran herri-alegazioak entregatuta.

Plataformak alegazio herrikoi bateratua prestatu du, inguruko mendietan aurreikusitako makroproiektua geldiarazteko asmoz. Herri ekimen honen bidez bildutako alegazioek balio formala izango dute, eta Eusko Jaurlaritzari aurkeztuko zaizkio.

Eibarko Mendiak Bizirik-ek jakinarazi duenez, guztira 6.300 alegazio baino gehiago aurkeztu dira Basalgoko parke eolikoaren aurka. Arena Power Solar enpresa andaluziarraren proiektuak Eibar, Bergara eta Soraluze arteko mendietan 200 metroko altuera duten sei aerosorgailu instalatzea aurreikusten du.

Alegazio kanpainaren amaiera

Alegazio kanpainaren itxiera gisa, joan den ostiralean, abenduaren 19an, Basalgo parke eolikoaren aurkako argazki herrikoia egin zuten Eibarko Untzaga plazan. Ekitaldiaren bidez, plataformak proiektuak sortu duen herritarren kezka eta oposizio soziala bistaratzea izan zuen helburu.