61.000 pertsonatik gora igaro ziren Coliseotik 2025ean

61.000 pertsonatik gora igaro ziren Coliseotik 2025ean
2026/01/29 13:38
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak jakitera eman duenez, Coliseo antzokiak inoizko jarduera eta asistentzia daturik onenak izan zituen iaz. Guztira, 61.052 lagun bertaratu ziren urtean zehar antolatutako 285 jardueretara. Udalaren iritziz, datuek Coliseo Eibarko eta eskualdeko kultura-erreferente nagusietako bat dela berretsi dute.

Programazioa askotarikoa izan zen, zinema, antzerkia, musika, dantza eta tokiko proposamenak uztartuz. Zinemak pisu handia izan zuen: 138 ohiko emanaldi eta 31 saio berezi eskaini ziren, 32.000 ikusle baino gehiagorekin. Zuzeneko emanaldietan, berriz, 99 ekitaldi antolatu ziren, antzerkia eta musika gehiengoa izan zirelarik.

Herriko talde eta elkarteek ere presentzia handia izan zuten: 28 jardueratan 9.400 pertsona baino gehiago bildu ziren. Gainera, antzokia entsegu eta sormen gune gisa ere erabili zuten hainbat musika, antzerki eta dantza-taldek.