Abian da 'Eibar Moda Sortzen' diseinu eta joskinatza lehiaketa

Apirilaren 25era arte eman daiteke izena eta 200 euroko hiru sari banatuko dira.
Abian da 'Eibar Moda Sortzen' diseinu eta joskinatza lehiaketa
2026/04/20 11:45
Irati Alvarez Malaxetxebarria

'Eibar Moda Sortzen' moda emergentea bultzatzeko zuzeneko diseinu eta joskintza lehiaketa antolatu du Eibarko Udalak, Eibarko Merkatarien Elkartearekin eta Alfa-rekin elkarlanean. Ekimenaren helburua da jantzigintzaren, modaren eta berrikuntzaren arloan indarra hartzen ari den talentua sustatzea.

Lehiaketa maiatzaren 10ean egingo da, eta zuzeneko formatuan garatuko da: parte-hartzaileek hiru ordu izango dituzte look oso bat diseinatu eta sortzeko. Gehienez, bi laguneko 10 taldek parte hartu ahal izango dute, eta erronkak teknika zein sormena uztartzea eskatuko du.

Sortutako lanak maiatzaren 15ean aurkeztuko dira Eibar Modan ekimenaren barruan egingo den desfilean. Horrela, lehiaketako sorkuntzek pasarelan jarraipena izango dute, sortze-prozesua jendaurrean erakutsiz.

Lehiaketak 200 euroko hiru sari banatuko ditu, eta, horrez gain, talde irabazleak ALFA Style josteko lehiaketako finalerako zuzeneko txartela eskuratuko du.

Izen-ematea zabalik dago apirilaren 25era arte. Informazio guztia eta izen-emateko aukera Instagramen, @eibarkomoda kontuan, eta 687 472 082 telefono zenbakian daude eskuragarri.