Abian da San Andres bertso-paper lehiaketa
…eta kitto! Euskara Elkarteak martxan du aurtengo San Andres bertso-paper lehiaketa. Lanak entregatzeko azken eguna azaroaren 7a izango da eta aurten ere hiru maila bereiziko dituzte: Eibarko LH-ko ikasleek bertso bat edo kopla bi aurkeztu beharko dituzte, DBH-koek bertso bi edo 4 kopla gutxienez eta 16 urtetik gorakoek (Euskal Herri osora zabaldua) 4 puntu edo gehiagoko 6 bertso gutxienez. Gaia eta doinua libreak izango dira eta bertsoak jatorrizkoak. Lanaren hiru kopia, gaitzizenarekin sinatuta, …eta kitto! Euskara Elkartera bidali beharko dira (Urkizu, 11 solairuartea. 20600 Eibar). Itxitako beste gutunazal batean, gaitzizena identifikatzeko datuak idatzita sartu beharko dira.
Sarituek azaroaren 25ean (barixakua) Portalean egingo den San Andres Bertso Jaialdian euren lanak abestuko dituzte eta orduan banatuko zaizkie sariak irabazleei: LH mailan, irabazleak 45 euro eta txapela jasoko ditu eta bigarrenak 40 euro eta plaka; DBH mailakoak 120 euro eta txapela irabaziko ditu eta bigarrenak 100 euro eta plaka; eta helduen mailan nagusitzen denak 300 euro eta txapela eskuratuko ditu eta bigarrenak 250 euro eta plaka.