EDUKI BABESTUA | Ainhoa Martin Urzuriaga: "Heldu! programak asko lagundu dit, batez ere nire negozio-ideia zehazten”

Iaz HELDU! programan jardun ondoren, Ainhoa Martinek dagoeneko martxan dauka Eibarren "B12 Consultoría Hipotecaria" enpresa. Heldu!-ren hirugarren ediziorako izen-ematea zabalik egongo da uztailaren 22ra arte.
EDUKI BABESTUA | Ainhoa Martin Urzuriaga: "Heldu! programak asko lagundu dit, batez ere nire negozio-ideia zehazten”
2024/07/08 11:47
eta kitto!

Eibarko Udalak eta Debegesak antolatzen duten Heldu! ekintzailetza-programaren hirugarren edizioa martxan da. Irailean hasiko da, eta parte hartu nahi dutenek uztailaren 22ra arte eman dezakete izena. Programaren helburua da enpresa-ideia bat duten pertsonei aholkularitza eta laguntza ematea. Formazio espezializatua, aholkularitza aditua eta tutoretza pertsonalizatua eskaintzen zaie. Ekintzailetza programari esker, bere enpresa martxan jarri du Ainhoa Martin eibartarrak, eta berarekin egon gara Heldu! hobeto ezagutzeko. 

Iaz HELDU! programan jardun ondoren, dagoeneko  martxan daukazu B12 Consultoría Hipotecaria enpresa. Zer eskaintzen duzue?
B12 Consultoria Hipotecarian etxebizitza bat erosi nahi duten eta hipoteka kontratatzeko prozesuan aholkularitza espezializatua behar duten norbanakoei edo familiei ematen diegu zerbitzua. Bezeroarentzako hipoteka-prozesua sinplifikatu nahi dugu, lasaitasuna eta, batez ere, konfiantza eskainiz, bere bizitzako finantza-erabaki garrantzitsuenetako batean. Bulegoa Errebalen daukagu, Coliseoaren ondoan.

Nola iritsi zara zure enpresa propioa sortzera? Zerk bultzatu zaitu?
20 urte baino gehiago eman ditut bankuen munduan finantza-aholkulari bezala, baina inflexio-une batera iritsi nintzen, non nire kabuz zerbait muntatu behar nuela erabaki nuen. Buruari bueltak ematen hasi nintzen, nire esperientziatik abiatuta zer negozio mota izan zitekeen pentsatuz. Mundu inmobiliarioa betidanik gustatu zait eta hipotekekin lotutako gaiak aski ezagunak dira niretzat. Bezeroen lekuan jarrita, ikusten nuen asko lagundu ahalko niela banketxea bilatzen, hipotekaren baldintzak negoziatzen eta notariotzara heldu arteko prozesu guztian. Hortik sortu zen B12 Consultoria Hipotecaria sortzeko erronka. Laburbilduz, bitartekari lana egiten dut bezeroa eta banketxearen artean. Prozesua errazten dut, bezeroari denbora aurreztuz, banketxeekin azterketa, izapideak eta negoziazioak egiteaz arduratuz. Partikularrekin lan egitea gustatzen zait gehienbat, eta beti ez dira hipoteka berriak izaten; batzuetan lehendik dituzten hipotekak birnegoziatzen dira.

Zure enpresa sortzeko Heldu! ekintzaletza programan eman zenuen izena. Zertan lagundu dizute?
Heldu! programak pila bat lagundu dit, batez ere negozio-ideia definitzeko orduan.  Heldu!-ri zor diot dena. Programa bete-betea da, eta ekintzaileek gure negozioa martxan jartzeko jasotzen dugun babesa oso inportantea da. Eibarko Udalak ahalegin ekonomiko handia egiten du herriko ekintzaileei laguntzeko, eta benetan eskertzekoa da. Ez nintzen puntu honetan egongo Debegesak Heldu! programaren bitartez eskainitako laguntzarik gabe. Programa oso ondo egituratuta dago, eta maila handiko adituen laguntza jasotzen dugu arlo askotan: marketina, alde finantzieroa, komunikazioa, ezagutzen gestioa... Etengabeko laguntza ematen dute. Heldu!ren ondoren beste programa bat dago, Ehundu,  eta horretan ere parte hartu dut. 

Zeintzuk dira izan dituzun arazo edo momentu krititikoenak?
Lege-eragozpen asko aurkitu ditut. Banco de Españan alta eman behar izan dut eta hori oso konplikatua da; kreditu inmobiliarioen aholkularitzako teknikaria izateko titulua atera behar izan dut... Eta hori guztia egitea ekintzailetza programa hauek eman didaten laguntzari esker izan da. Beraz, ideia bat daukanari esango nioke ez izateko zalantzarik eta izena emateko. Oso eskertuta nago Eibarko Udalak eta Debegesak eman didaten laguntzarekin.