Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa egingo da domeka goizean
2020/10/21
14:28
eta kitto!
Udalaren babesarekin Eibarko Artisten Elkarteak antolatuta, domekan XLIII. Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa egingo da. Nahi duenak har dezake parte eta pintura-teknika guztiak onartuko dira. Izen-ematea Museoan (Portaleko 5. pisuan) egin beharko da, domekan bertan, 09:00etatik 11:00etara (izena emateko mihiseak eta paperak zigilatzera eraman behar dira). Lanak, berriz, 13:30erako aurkeztu behar dira, udaletxean. Kanpoaldean jarriko dira, pintore bakoitzaren astoen gainean, eta publikoarentzat ikusgai egongo dira aire zabalean. Euria eginez gero, udaletxeko arkupeetan erakutsiko dituzte. Epaimahaiak 14:30ean emango du bere erabakiaren berri. Saritutako lehen bi lanak Udalaren esku geratuko dira eta, gainerako lanak, sari-banaketa amaitu eta ordu erdira jaso daitezke. Aurten, COVID-19 dela eta, lehiaketan parte hartzen dutenen bazkaria bertan behera laga dute. Honako sariak banatuko dituzte: helduen mailan, Eibarko Hiriaren Sari berezia (800 euro eta garaikurra), 2. saria (500 euro), 3. saria (400 euro) eta 4. saria (300 euro); 18 urtera artekoen mailan, 1. saria (90 euro) eta 2. saria (60 euro); eta 12 urtera artekoen mailan, 1. saria (50 euro) eta 2. saria (30 euro).