Aitziber Badiola: “Sare sozialen, aldizkarien eta bestelakoen eraginez saturatu egiten gara arropa erosteko orduan”
Badiola irudi-aholkularia da eta iaz birritan izan zen gurean, itxura pertsonalaren inguruan jarduteko. Aurten ere ...eta kitto! Euskara Elkartearen ‘Illunabarrian’ ekimenaren barruan hitzaldia eskainiko du, oraingoan armairu-kapsulen inguruan. Saioa urriaren 20an izango da, 18:30ean, ...eta kitto!-n (Urkizu pasealekua 11, solairuartea). Plaza mugatuak izango dira eta gure webgunean eman ahal izango da izena (edo bulegora deituta). Prezioa 10 eurokoa da (...eta kitto!-ko bazkideentzat 7 euro).
Iaz itxura pertsonalaren eta koloreen inguruan jardun zenuen gurean, eta aurten armairu-kapsulak izango dituzu hizpide. Zer da armairu-kapsula?
Gaur egun erosketek eta kontsumoak agintzen duten bizimoduak eraginda, orain dela urte batzuk korronte minimalista bat sortu zen, non 30 arropa edo jantzirekin 104 look ezberdin egitea proposatzen zen. Gure armairua modu kontzientean antolatzea da kontua. Batzuetan, gauza asko erosi ditzakegu, gero armairuan pilatzen ditugu eta, gauza asko eduki arren, iruditzen zaigu ezerk ez gaituela errepresentatzen. Gehiago edukitzeak ez du hobeto jantziko zarela esan nahi. Beraz, korronte horretatik irten zen hiru hilabetean behin armairu-kapsula bat egitea. Euskal Herrian neguko eta udako arropak bereizteko ohitura dago, baina udaberriak eta udazkenak hiru hilabete irauten dute.
Bai, sasoi honetan ohikoa izaten da giro hotza egon eta mahuka eta fraka motzean ibiltzea.
Bezero askok esaten didate udazkena eta udaberria oso luze egiten zaiela, sasoi horietan (‘entretiempo’ delakoa) ez dakitelako zer jantzi. Armairu-kapsularen kontzeptuarekin hiru hilabetero aldatuko genuke armairua. Ez dugu armairu guztia zertan aldatu, baina bai pentsatu behar da gauza batzuetan: nolako lana daukat, nolako jarduerak egiten ditut, arropa zertarako behar dut... Orduan, lehenik eta behin garbiketa nola egin azaltzen dut eta, gero, sartzera goazen jantzi horiek nola aukeratu. Izan ere, gutako bakoitzaren armairu-kapsulak ezberdinak izango dira.
Zein gauza hartu behar ditugu kontuan aukeraketa hori egiteko?
Lehenik eta behin, koloreak eduki beharko genituzke kontuan. Gero, ze formatako arropa aukeratuko dugun aztertu behar da: gure gorputzari ondo geratzen zaion arropa edo gustora sentiarazten gaituena. Hirugarrenik, gure estiloa eta gure planak eduki behar ditugu kontuan. Ez da gauza bera hezkuntza fisikoko irakasle bat, bankuko langile bat, gauetan irteten dena, ume txikiekin parkean egon behar dena edo DJ bat. Pertsona bera ere orain gauza bat izan daiteke eta hurrengo urtean beste bat, eta armairua aldatu egin behar du. Prozesu bat jarraitu behar da zer arropa behar dugun eta gutxienekoak zeintzuk diren jakiteko.
Bakoitzak bere estiloa izan arren, gutxieneko batzuk komunak izan daitezke?
Bai, eta hitzaldian azalduko ditut. Oinetakoak, jakak, goiko eta beheko parteak, eta koloreak aukeratu egin behar dira. Goiko parteak eta behekoak neutroak badira, gehiago konbinatzen dute. Tontakeria dirudi, baina teknika bat da eta modu horretan arropa guztiek guztiekin konbinatzen dute. Bestetik, erosteko orduan ere zerrenda bat nola egin azalduko dut, erosketetara hola edo hala joan beharrean, foku batekin joateko. Izan ere, eta niri ere gertatzen zait, sare sozialen, aldizkarien eta bestelakoen eraginez saturatu egiten gara arropa erosteko orduan.
Horren atzean oso industria erraldoia dago eta beharrak sortzen dizkigu. Nola egin diezaiekegu aurre?
Adibidez, nire arroparen %90, gehiago ez bada, bigarren eskukoa da. Jendeari zera esaten diot: dena asmatuta dago. Esaterako, 90. hamarkadako moda itzultzen bada, bigarren eskuko denda batean sasoi horretako jantziak aurkitu ditzakezu. Baina bai jakin behar du bakoitzak zer behar duen. Beharra kakotx artean, benetako beharra ere ez delako, gizarteak sortutako beharra baizik.
Batzuek identifikatuta izango dute euren estiloa, baina beste batzuek agian ez. Nola aurkitu daiteke hori, aurkitu behar bada?
Hitzaldian bost estilo tronkal azalduko ditut, ez direnak aldatzen. Gaur egun gertatzen dena da inork ez duela estilo jakin bat % 100ean. Orain dela urte batzuk errazagoa zen estiloak identifikatzea: modu klasikoan janzten zirenak, kirol-arropa zeramatenak, modernoak... Gaur egun dena globalizatu da eta, esaterako, amona, alaba eta iloba Zara-n sartu daitezke eta beroki berdina erosi. Orain dela 20-30 urte hori ezinezkoa zen. Gaur egun estilo nahasketa asko dago. Gainera, sasoi bakoitzean zer eramango den bonbardatzen gaituzte, baina eramango ez dena ez da ez dela eramango, beste modu batean ere eraman daiteke. Beraz, nahasketa sortzen da eta jendea galdu egiten da. Gertatzen dena da pertsona bakoitzak % 100ean estilo bat eduki ez arren, beti duela batetik bestetik baino gehiago. Gakoa da % 40-60 estilo propioko jantziak izatea eta beste %60-40arekin jolastea. Gure look-aren % 70 gure estilotik kanpokoa bada, agian ondo ikusi gaitezke, baina ez gara gu geu sentitzen eta astebete barru gurera egingo dugu salto. Beraz, bost estilo tronkal horiek azalduko ditut eta konbinaketak nola egin. Bakoitzak bere bidea aurkituko du. Polita da gure estilora eboluzionatzea, txispa pizten duelako, baina beti ere mozorrotuta sentitu gabe. Bestela ez dugu aldaketekin jarraituko. Dena dela, batzuetan behar izaten dugu gure estilokoa ez den jantziren bat, baina gure estiloa indartzen duena.
Zer da ondo janztea? Existitzen da hori?
Justu orain Donostiako irudi-aholkulari baten Instagrameko kontua ikusi dut eta jendeak janzteko orduan egiten dituen hutsegiteak besterik ez ditu kritikatzen. Ni ez naiz horren aldekoa. Alaba transexuala dut eta pertsonak askeak izan behar garela uste dut. Bati modu batean janztea gustatuko zaio eta beste bati ez, hori subjektiboa da. Ondo edo gaizki janztea ere subjektiboa da. Barruak esaten digunean ondo sentitzen ez garela, orduan egin behar dugu aldaketa; baina ez gizarteak, bizilagunak edo lankideak esaten digulako. Pertsona bat errespetatzeko, bere itxura errespetatu behar da.
Batzuek diote euren irudiak ez diela axola, ez diotela horri garrantzirik ematen. Zenbateraino da hori egia?
Hiru motatako bezeroak izaten ditut: euren irudiarekin oso autoexigenteak direnak; besteek zer esango duten asko axola dienak eta euren ingurukoei gustatzeko modu batean edo bestean janzten direnak; eta ez zaienak hainbeste axola, baina erosotasunagatik. Dena dela, uste dut guztioi axola zaigula gure irudiak. Pentsatu behar dugu gure itxura gure errepresentazioa dela. Noski, askoz ere garrantzitsuagoak dira gure balioak, eta zer esaten eta egiten dugun, baina gure itxura gure parte da.
Nori gomendatzen diozu hitzaldira joatea?
Udazkenari nola heldu ez dakienari, adibidez. Baten batek pentsa dezake arropa pila bat duela eta, era berean, ez duela ezer sentitzen; edo ez dela sentitzen errepresentatua arropa horrekin; edo arropa gehiegi duela eta gehiago erosi nahi duela, baina arropa horrekin zerbait egin beharra dagoela. Gizon, emakume, heldu edota gazte izan, bertan ikasten dena urtero jarri ahal izango dute praktikan.