Alarde fresko eta modernoa 9 urteren ostean
2017/05/29
09:58
eta kitto!
Usartza Txistulari Taldeak freskotasun eta modernitatez busti nahi du Txistulari Alardea. 2008az geroztik albo batera utzi duten ekintza da, baina bederatzi urteren ostean inoiz baino gogotsuago ekingo diote erronka berri honi. San Juan Txiki eguneko jai-giroari musika, dantza eta festa eskaintzeko asmoz arituko dira Elena Perezen zuzendaritzapean Untzagan.
Enrique Montero Usartza Txistulari Taldeko kideak umea zenean egiten zen Txistulari Alardea gogoratzen du. “Jose Luis Perez Sarasketa izan zen Eibarko Txistulari Alardearen lehen zuzendaria, baina ez dut oroitzen zehazki zein urtetan egin zen lehendabizi”. Aurten Alardearen XXII. edizioa egingo da, baina bederatzi urte itxaron behar izan dira azken alditik.
Alardea antolatzeak “lana eta kostua” eskatzen du, Monterok dioenez, eta hori izan da 2008az geroztik Eibarren egin ez izanaren arrazoia. Usartzak, hala ere, tradizioa berreskuratu nahi izan du eta, Udalarekin berba egin ostean, “ekainaren 25ean, San Juan Txiki eguna, egitea erabaki genuen 13:00etan Untzagan”.
Aurreko Alardeak beste data eta tokietan egin ohi ziren, “urrian, azaroan eta beste hilabete batzuetan egin izan dira, eta Astelena frontoia, Coliseoa eta bestelako tokiek jaso dute”. Aurtengoan, herriko jaietan egiten denez, kaleari emango diote protagonismoa eta herritarrengandik inoiz baino hurbilago egongo dira. Goizean, lehenik, “frogatxoa” egingo dute eta, gero, kalejira egingo dute Alardea baino lehen herria girotzeko.
Errepertorio gaurkotu eta herrikoia
Alardearen tradizioa berreskuratu nahi izan du Usartza Txistulari Taldeak, baina errepertorio gaurkotu eta herrikoia prestatu du ikuskizun erakargarria eskaintzeko gogoz. Emanaldiak ordubeteko iraupena izango du, “gutxi gorabehera”, eta hamahiru abesti eskainiko dituzte: Jose Ignazio Ansorenaren ‘Antzinako dantzak’, Kepa Junkeraren ‘Muskerraren baltsa’, Niko Etxarten ‘Eperra’, Xabier Leteren ‘Xalbadorren heriotza’, Oskorriren popurria, Pablo Sorozabalen ‘Gernika’ (“aurten bonbardaketaren 80. urteurrena bete delako, omenaldi moduan”) eta Gorka Sarriegiren ‘Arratsalde honetan’, besteak beste.
Modernitateari keinu eginez, bestetik, Madonna abeslari estatubatuarrarekin elkarlanean aritu den Kalakan taldearen ‘Sagarra jo’ joko dute Untzagan. Kantu tradizionalean oinarritu eta euskaraz abesten duen taldea da Kalakan, eta Madonna berak ere ‘Sagarra jo’ abestiaren kopla bat euskaraz abestu izan du munduan zehar zazpi hilabetez eskaini zituen 80 kontzertuetan.
Koroa, dantza eta bestelako doinuak
Abesti ezagunez gain, Durangotik datozen doinu berriak ere eskainiko dira. ‘Durango Hiria’ lehiaketak txisturako konposizio onena saritzen du, eta bertan parte hartu zuen Carlos Sanchez Ekizaren ‘Hegoaldetarrok’ pieza utzi dio Silboberri Txistulari Elkarteak Usartzari. Durangarrak, gainera, Eibarko Alardean arituko dira, Usartzakoak ez direlako bakarrik arituko Untzagako eszenatokian. “Inguruko herrietako txistulari taldeak etorriko dira (Deba, Ondarru, Mutriku, Arrasate, Antzuola...), aurretik ere gurekin aritu direnak”, dio Monterok.
Txistuaren soinuari laguntzeko, bestetik, “Molto Vivace metal-boskotea, perkusioa joko duten hiru lagun, gitarra espainola, baxu elektrikoa, soinuaren doinuak eta Lizarrako dultzaineroak edukiko ditugu; eta Sostoa Abesbatzakoak eta Kezka Dantza Taldekoak ere gurekin arituko dira”.
Umeak txistura erakarri
Eguneroko jardun arruntetik irteteko aukera eman die Alardeak Usartzakoei. Euren ekintza freskatu dute eta herriari ikuskizun ederra eskaintzea da euren asmoa. Gainera, “umeak txistura erakarri nahi ditugu, ezagutu gaitzatela eta ohiko erregistroetatik haratago ere gabiltzala ikus dezatela”. Txistua modernizatzeko bidean jarri da eta ekainaren 25ean emango du lehen pausua.