Alfa, Edesa eta Geyser ez ixteko eskatu dute beharginek gaur arratsaldean egin duten manifestazioan

Alfa, Edesa eta Geyser ez ixteko eskatu dute beharginek gaur arratsaldean egin duten manifestazioan
2018/03/22 20:19
eta kitto!
Untzagatik abiatuta, manifestazioan zeharkatu dute herria Alfa, Edesa eta Geyser lantegietako beharginek, hiru enpresak itxi nahi dituztela eta, horren kontra protesta egiteko. Manifestazioa amaitu eta jarraian, hiru tailerretako enpresa batzordeek elkarrekin egin duten idatzia irakurri dute. Hemen daukazue testu osoa:

ALFA TALDEA, GEYSER GASTECH ETA EDESA INDUSTRIAL: ENPRESARIEN DIRU-GOSEA ETA ZABARKERIA DIRELA-ETA, EHUNKA FAMILIA KALEAN GERA DAITEZKE

Gasteizko gobernua sor eta gor gelditu da, Deba eskualdeko hiru erreferentzia-industria horien ixtearen aurrean.

Edesa Industrial, Geyser Gastech eta Alfa Taldea hiru erreferentziazko industria izan dira aspalditik Deba eskualdean. Hala ere, enpresarien zabarkeria eta lukurreriagatik kinka larrian dago hiru enpresen etorkizuna, eta horrelako itxieretan oso kontuan hartzekoak dira sortu ohi diren drama sozialak. Hiru enpresek errealitate eta ibilbide desberdinak dituzte, baina hiruetan jokabide bera errepikatu da, Euskal Herriko enpresa-jardueretan gero eta ohikoago bihurtzen ari dena. Hiru enpresa-batzordeetatik ELAk eta LABek gure ezezko borobila ematen diegu ezarri nahi dizkiguten itxierei, eta bide batez hurrengo iritzi hauek azaldu nahi ditugu jendaurrean:

- Hiru enpresetako kudeaketa erabat iluna izan da. Proposatu diren industria-planak ez dira batere sinesgarriak izan. Askotan ezin gauzatuzko iragarpenetan oinarritu dira, eta helburu nagusia zuzendaritzaren ongizatea izan da beti.

- Esandakoaren adibide gisa aipatzekoa da Alfa Taldeko Administrazio Kontseiluko kideen eragiketa, zeinaren bidez lehendik murriztuak izan ziren langileen soldata igotzeari ukatzearen jarraian 2,2 milioi euro etekinetan banatu baitzituzten. Gaurko egunean Zuzendaritza inork ez aurkitzeko moduan dago. Alfa enpresak 100 urte bete dituen honetan etorkizun ziurgabea du. Izan ere, enpresa 800 lanpostukoa izatetik oraingo 160 izatera jaitsi da.

- CNA Group-ek Edesa Industrial bereganatu zuen 2014. urtean, Jorge Parladé buru zela. Harez geroztik aurreranzko ihes zoro batean murgildu dira, eta bai bertako langileei, bai iritzi publikoari gezurren segida etengabea kontatu diete. Enpresak Fagor Electrodomésticos hartu zuen, eta lau urteren buruan 850 langileko plantilla izango zuela azaldu zuen. 2017ko otsailean Asiara, Ekialde Hurbilera, Afrikako Iparraldera hedatuko zela iragarri zuten. Handik hilabete gutxira bideragarritasun-plan bat aurkeztu zuen, pertsonalaren murrizketa nabarmenekin. Haien planek ez dute sinesgarritasunik txikiena ere. Gainera, taldearen benetako egoera ekonomikoa ezagutzea biziki zaila da, helbide fiskal ugariak eta kontuen opakutasuna direla-eta.

- Enpresen jokabide horiek zoritxarrez ohikoak badira ere, euskal erakundeen jarrera guztiz gaitzesgarria da gure irudiko, enpresarien inpunitatea sustatzen baita. Izan ere, euskal erakundeek ez dute inolako kontrolik egiten, nahiz eta enpresa-jokabide horiek, arbuiagarriak ez ezik, zigor-arlotik pertsegitzeko modukoak ere izan. Hor ditugu, adibide gisa, Tapia sailburuaren eta bere ingurukoen topaketak bi enpresetako zuzendaritzekiko. Sailburuak eskertu zien Jorge Parladéri eta CNAri “industria-proiektuan sinesteagatik”, eta Markel Olanok “miraritzat” jo zuen Edesa Industrial abiaraztea. Enpresa-proiektu hori “desindustrializazio”aren aurkako eredua zela adierazi zuen. Arduradun politiko horiek ez dute eragozpenik izaten borroka-sindikalismoa kritikatzerakoan, baina patronala ere zorroztasun berarekin kritikatzea gustatuko litzaiguke. Badakigu hori ez dela gertatuko. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza elkarlanean aritzen dira patronal eta enpresa-zuzendariekin, Euskal Herria desindustrializatzen badute ere, eta elkar aditze horrek herri-erakundeen kudeaketa lohitzen badu ere.

- Mondragonek, Edesa Industrialen oraingo egoera zailean izan duen erantzukizuna ere azpimarratu nahi dugu. Ez dute erraztu industria-proiektu berrien  jarraipena. Gainera, Fagor Electrodomésticosen itxiera eragin zuen enpresari-kultura bera agertu dute berriro: langileenganako begirune eskasa eta informazio partziala. Kooperatibako zuzendaritzak betiko ezinikusia dio langileak antolatzeko edozein aukerari.

- Azkenik hiru enpresetan lan egiten dutenen borroka nabarmendu nahi dugu. Azken hamarkadan agerian geratu da, berriz ere, oraingo kapitalismoaren aurrean langileok antolatuta egon behar garela. Sustatu behar ditugun industria-proiektuak ingurumenaren aldetik onargarriak izan behar dira, diskriminaziorik gabeak, eta enplegu duina sortzeko modukoak. Ez patronalak, ezta gobernu neoliberalak ere, ez dira atxikitzen helburu horiei. Guk borrokan jarraituko dugu Alfa Taldearen, Geyser Gastechen eta Edesa Industrialaren biziraupenaren alde. Deba Garaiak eta Eibarrek ezin dute jasan beste lantegi-itxiera bat, ondorioak izugarriak baitira oraingo eta geroko enplegurako.

IMG_3444 IMG_3481 IMG_3493 IMG_3520