Alfa Taldekoentzat irtenbideak aztertzeko asanblada deitu dute astelehenerako
Alfa Taldeak diru-arazo larriak dituela jakin da aste honetan bertan, arazoari irtenbidea eman nahian enpresako zuzendaritzaren eta hainbat finantza-entitateren arteko negoziaketak aurreko astearen amaieran bertan behera geratzean. Alfa Taldea Debagoiena eta Debabarrenean kokatuta dauden 12 enpresek osatzen dute eta orotara taldearentzat beharrean 700 bat lagunek dihardute. Egoerari nolabait buelta emateko azken ahalegin bat eginda, enpresa bakoitzeko buruak atzo (eguena, hilak 18) hasi ziren euren beharginekin biltzen, une honetan taldearen barruko enpresek bizitzen diharduten egoeraren berri zuzenean eman eta aurrera egin ahal izateko dauden aukerak aurkezteko. Honezkero kalean bolo-bolo zabaltzen hasita dauden zurrumurruek, gainera, egonezin eta kezka handia eragin dute beharginengan, orain arte enpresaren aldetik, zuzenean oso informazio gutxi ailegatu zaielako. Gauzak horrela, eta ahalik eta informazio gehien behargin guztiei batera emateko asmoz, astelehenerako (hilaren 22rako) asanblada deitu dute 13.00etatik 15.00etara Armeria Eskolako aretoan.