Alkateak neurriak hartzeko eskatu dio Euskal Trenbide Sareari trenek Egogain-Ardantza zatian ateratzen duten zarata arintzeko

Alkateak neurriak hartzeko eskatu dio Euskal Trenbide Sareari trenek Egogain-Ardantza zatian ateratzen duten zarata arintzeko
2021/05/17 07:46
eta kitto!


Jon Iraola Eibarko alkatea Euskal Trenbide Sarearekin bildu da, konponbide bat eskatzeko trenak Egogain, San Andres eta Udalaren ostetik pasatzean ateratzen duen zarata murrizteko. Alegia, Ardantzako geltoki gainetiko zatia eta Berdintasunaren pasealekuaren hasiera.





Iraolak inguru horretako bizilagunen kexak jakinarazi zizkion ETS entitateari. Urte batzuetatik hona bertan bizi direnak neurriak hartzeko eskatzen ari dira trenen zirkulazioak eragiten dituen kirrinkak ahalik eta gehien murrizteko.

Bileraren ondoren, Euskal Trenbide Sareak arazo horri erantzuteko asmoa adierazi zion alkateari; horretarako, aurten egoera aztertuko dute egin daitezkeen lanak zehazteko, eta konpromisoa hartzen dute lan horiek egiteko aurrekontu bat egokitzeko.

Inguru horretako bizilagunak etengabe kexatu dira, baina kexa horiek ugaritu egin dira Ardantzako geltoki berria eraiki eta zati hori estali zenetik, izan ere, orduz geroztik arazoa areagotu egin zen eta trenbideek sortzen dituzten zaratak eta kirrinkak handitu.