Amaña-Legarre tartean trenbidea estaltzeko 17'5 milioi inbertituko dituzte
Gaur goizean Eusko Jaurlaritzak Eibarren egiten diharduen lanak ikusten egon da Iñaki Arriola Etxebizitza, Herrilan eta Garraio sailburua, Miguel de los Toyos alkateak lagunduta. Une honetan Eibarren egiten diharduten lanak batez ere trenbideari lotutakoak dira eta, beraz, trenbidea bikoizteko Azitaingo beharrak, Txarakuako paso-nibela desagertaraztekoak eta Estaziñoko geltoki berria eraikitzeko martxan dagoen obra bisitatu dituzte agintariek, jarraian udaletxean prentsaurrekoa eman aurretik. Agerraldian, lanak martxa onean doazela baieztatzearekin batera, etorkizunerako arlo honetan dituzten asmoak aurreratu ditu Arriolak: Eusko Jaurlaritzak Amaña-Ardantza zatia bikoizteko eta Amaña-Legarre tartea estaltzeko obren lizitazio prozesua hasi duela iragarri du sailburuak eta, aurreikuspenak betez gero, lanak udazkenean hasteko moduan egon litezkeela azaldu du. Obra horrentzat aurrekontua 17'5 milioi euro ingurukoa izango da eta 20 hilabeteko epean amaituko lituzkete beharrak. Zehaztasun gehiagorako hemen klikatu.