Ana Apika ipuin-kontalaria izango da zapatuan Portalea kultur etxean
Ana Apikak 5 urtetik gorako umeentzako ipuin-kontaketa saioa eskainiko du zapatuan Portaleko areto nagusian. Kontalaria eta pailazoa, 25 urte baino gehiago darama ipuinak kontatzen. Ipuinak, alegiak, kontakizunak, pasabideak, bizitza-istorioak, literaturazkoek edo ahozko tradizioko istorioek osatzen dute bere errepertorioa. Ana Apikari gehien gustatzen zaiona komunikatzea da, eta, aldi berean, emozioa, sentimendua, bizipena eta gozamena publikoarekin partekatzea.
"Rol jokoa" izenburuko kontakizuna eskainiko du zapatuan Eibarren, eta bertan berdintasuna eta erantzunkidetasuna landuko dira. "Ipuin-kontaketa honekin etxeko lanak familiako kide guztien esku egon behar direla azpimarratu nahi dugu. Aldi berean, etxeko harremanetan oinarrituta dagoen arren, gizarte honek ematen dituen aukera guztiak denontzat direla ere ikustea nahi dugu", dio Apikak.
Izen-ematea, martxoaren 18tik 21era dago zabalik, formulario honen bidez.