Andoni Zabala: “Herriarentzat gauza on asko egitea, berritzea eta jendearen gustoko izatea nahiko nuke”

Andoni Zabala: “Herriarentzat gauza on asko egitea, berritzea eta jendearen gustoko izatea nahiko nuke”
2023/09/06 10:42
eta kitto!
Udal Gobernu berriak, abuztuko oporrak tarteko, hasi du bere bidea. Azken Udal Hauteskundeen ondoren, aurpegi berriak ditugu udaletxean, batzuk herriarentzat ezagunak diren arren. Horietako bat da Andoni Zabala, Kultura eta Gazteria sailetako zinegotzia. Oraindik kargura egokitzen diharduela aitortu digun arren, herriari gauza asko eskaintzeko gogoz dagoela esan digu.

Politikaren munduan ematen dituen lehen pausoak dira Zabalarentzat. Kulturarekin zerikusia duten ekintzetan ikusi izan dugu, baita gazteriarekin lanean ere (Itzamna akademian egiten du lan), eta hain zuzen ere arlo bi horietan izango dugu lanean Udalean.

 

Zer moduz lehen hilabeteak zinegotzi bezala?

Oso ondo etorri zait hauteskundeak uda inguruan izatea. Izan ere, akademian lan-karga gutxiago izan dugu eta, ondorioz, denbora gehiago eduki dut Udaleko postu berrira egokitzeko. Dena dela, abuztua aurretik hilabete bakarrik egon nintzen lanean eta, esan bezala, gero oporrak izan ditugu, beraz, ez dut gauza larregirik egiteko aukera izan. Lurra hartzen ari naiz oraindik.

Politikaren mundua berria da zuretzat. Moduren batean prestatu zara horretarako?

Prestaketa mentala hilabeteetan zehar egin dut, baina batzuetan, gauza bat egiteko prestatu arren, ezin zara gauza edo alderdi guztietarako prestatu. Arlo sozialean nahiko aktiboa naizenez, jendearekin berba egitea ez zait inoiz inporta izan eta alde horretatik oso ondo, baina gero beste hainbat gauza suertatzen dira eta hori beste kontu bat da. Bestetik, inoiz ez naiz izan inoren buruzagia, orduan, asko kostatzen zait gauzak modu batean edo bestean egin behar direla esatea. Aholku eta babes asko eskatzen dut, eta pentsatzen dut hori ondo dagoela, horrelako kontuetan berria naizenez gauza askok nola funtzionatzen duten ez dakidalako. Lasai nago, eta oztopoak datozen neurrian gaindituko ditugu.

Beraz, ateak irekita lagatzen dizkiozu gure herrian kulturaren eta gazteriaren inguruan lan egiten diharduen jendeari?

Nire ideia jendeak nirekin berba egitea da. Hau da, ez daitezela atzetik kexaka ibili hau edo bestea egin ez dugulako, baizik eta niregana etortzea eta gauzak esatea eta proposatzea. Ideiak jasotzea eta jendearekin berba egitea gustatzen zait. Gero, baloratuko dugu egingarriak diren ala ez, baina herritar guztientzat irekita nago.

Kultura eta gazteria arloan lan egin duzu zure bizitzan zehar, baina orain beste alde batetik jardungo duzu. Nola animatu zinen politikara jauzi ematera?

Kostatu zitzaidan. Jon Iraolak proposamena egin zidanean zur eta lur geratu nintzen eta pentsatu behar nuela erantzun nion. Emaztearekin eta lagunekin berba egin eta hilabeteetan buruari bueltak eman ondoren, baiezkoa eman nion. Izan ere, aukera hau berehalakoa da. Orain hartuko ez banu, agian inoiz gehiago ez nuke aukera bera izango. Orduan, pentsatzen dut, Eibar nik maite dudan bezala maite duenak herriaren alde gauzak egiteko aukera badu, zerbait egin beharko lukeela, eta horregatik eman nuen baiezkoa. Herriarentzat gauza on asko egitea, berritzea eta jendearen gustokoa izatea nahiko nuke.

Pertsonalki, zer uste duzu eskaini ahal diozula herriari?

Ez dut esango oso gaztea naizenik, baina ez dut neure burua erretiratu baten moduan ikusten. Orduan, gazteei kultura arloa pixka bat hurbiltzea eta gazteen mundua zabaltzea gustatuko litzaidake. Ez dut esan nahi den-dena musika eta jolasak izango direnik, baina kultura arlora berritasunak ekartzea gustatuko litzaidake, gutxienez aurretik Eibarren egin ez diren gauzak eskaintzea.

Horren adibide da asteburuan egingo den Mika Fest, ezta?

Hori da. Austin Pak dantzari korear famatua ekartzeko aukera proposatu ziguten, hain justu ere Arrateko Jaien asteburuan, baina orain izan behar zen edo inoiz ez. Beraz, oso interesgarria eta berria zela iruditzen zitzaigunez, Mika Fest antolatzeko erabakia hartu genuen. Orain arte inoiz ez da gertatu Hego Koreako kultura Eibarrera ekartzea eta, era berean, eurek ere hemengo kulturaren zatitxo bat eurekin eramatea nahi dugu, gutxienez Eibarren zer egiten den ikus dezatela.

Zelako gauzak egingo dira Mika Festen?

Hasteko, Untzagan aizkolarien erakustaldia egingo da,

korearrek ikus dezaten Euskal Herrian nolako gauzak egiten diren. Arratsaldean, Coliseoko ateak irekiko ditugu eta e-kirolei buruzko dokumentala emango dugu (Alex Robleño eibartarraren ‘El corazon de los Esports’), Hego Korea baita e-kirolak gehien bultzatzen dituen herrialdea. Ondoren, Kpop musikaren ‘cover’ lehiaketa egingo dugu. 20 plazarentzat tokia genuen eta 40 taldetik gora apuntatu dira. Espainia hegoaldeko jendea dator, Bartzelonakoak ere eta, gehien bat, Euskal Herrikoak. Batzuk profesionalak dira, baina beste batzuk oso amateurrak. Tartean, Austin Pakekin dantzatzeko aukera egongo da. Sare sozialetan ‘reel’ bat egin zuen eta bertan agertzen den dantza berarekin egiteko aukera izango du nahi duenak. Coliseoko saioa zuzenean jarraitu ahal izango ez dutenentzat pantailak jarriko dira Errebalen, eta Coliseoko saioa amaitzen denean, Errebalen ‘photocall’-a eta Koreako kulturaren eta gastronomiaren ikur diren gauzak ikusi, erosi eta dastatu ahal izango dira. 23:30 ingurura arte musika egongo da eta ordura arte iraungo du Mika Festek.

Horrelako ekintza gehiago egitea espero dezakegu etorkizunean?

Agian ez dira izango inoiz ikusi ez ditugun gauzak, baina gutxienez bai buelta bat ematea edo gauza ezberdinak eskaintzea. Gauza batzuk begiratzen ari gara, baina oraindik ezin dezakegu ezer aurreratu. Esan bezala, oraindik lurra hartzen nago eta ez dakit zein puntura arte gauzak berriztu daitezkeen. Hala ere, ez dut hain egolatra izan nahi. Gauzak ondo daude, baina freskotasuna ematea nahiko nuke.

Zentzu horretan, zer uste duzu falta zaiola Eibarri kultura arloan?

Egiten diren gauzen inguruan belaunaldi aldaketa bermatzea falta da. Hau da, gauza asko egiten dira, baina gauza horietan dabilen jendea zahartzen doa, gauza batzuetara jende gutxi joaten da eta batzuek aldaketak ez dituzte hain ondo hartzen. Hortaz, gazte jendea hemengo kultur eskaintzaz gozatzera, ekintzak antolatzera, gauzak sortzera eta abar egitera animatzea gustatuko litzaidake, hau da, belaunaldien erreleboa bultzatzea. Badakit zaila dela jende guztiarekin adostasun batera heltzea, baina saiatuko gara.

Eta gazteria arloan zein behar nagusi ikusten duzu?

Irakasle moduan ibili naiz urte askotan zehar eta gazteekin konektatzea zaila dela ikusi dut, eta zahartzen zoazen neurrian are zailagoa dela ikusten duzu. Euren inguruan interesatu zaitezke, baina askotan itxi egiten dira. Ez dut esaten den-denak berdinak direnik, ez da hori, baina zaila da. Orduan, gazteriaren parte hartzea bilatzea gustatuko litzaidake. Ez jaietan bakarrik, hor parte hartzen dutelako, baizik eta beste arlo batzuetan. Beraz, eurekin berba egitea gustatuko litzaidake eta elkarrekin lan egin.