Andrea Gonzalez Caballero gitarra-joleak kontzertua emango du zapatuan

Andrea Gonzalez Caballero gitarra-joleak kontzertua emango du zapatuan
2023/12/12 11:37
eta kitto!
Mundu mailan laudorioak jaso ondoren, Andrea Gonzalez Caballero gitarra-jole eibartarra etxera itzuliko da Gabonetan eta kontzertua emango du zapatuan, 19:00etan, Coliseo antzokian.

Gonzalez Caballerok bere azken grabazioa aurkeztuko du bertan, R. Sainz de la Maza, Isaac Albeniz, Francisco Tarrega, Manuel Lopez-Quiroga eta Manuel de Fallaren lanak dituen diskoa. Hau izango da ‘Reencuentros’ izena izango duen kontzertuaren programa.

Sarreraren prezioa 10 eurokoa izango da (7 euro Coliseoaren Laguna txartela dutenentzat).

 

Sariak eta goraipamenak

Opera World aldizkariak “Gitarraren emakumezkoen ahotsa” izendatu du, eta Andrea González Caballerok interpretaziorako duen izaera eta sentsibilitatea nabarmendu ditu. 2016. urtean, Lehen Saria jaso zuen Alhambra Nazioarteko XIII. Gitarra Lehiaketan, eta hori lortzen duen interpreterik gazteena izan zen. Nazioarteko sari ugarien artean, nabarmentzekoak dira F. Sor Nazioarteko XL Lehiaketako lehen saria (Erroma) edo talentu gazteentzako David Russell Ohorezko Saria.

Bakarlari gisa gero eta karrera handiagoa duenez, “BBC Music Magazine” aldizkariak nazioarteko gitarra-jotzaile gazte onenetakotzat hartzen du.