Antzerki Jardunaldien 43. edizioaren programa aurkeztu dute

Antzerki Jardunaldien 43. edizioaren programa aurkeztu dute
2024/01/23 15:04
eta kitto!
Otsailarekin batera, badatoz Antzerki Jardunaldiak. 43. edizioa izango da aurtengoa eta gaur goizean eman dute jakitera aurtengo edizioaren programa. 25 antzezlan izango ditugu ikusgai otsailaren 15etik martxoaren 21era arte, horietako zortzi euskaraz. Ikuskizun gehienak Coliseo antzokian egingo dira, baina lau Hezkuntza Esparruan egongo dira ikusgai eta kalean ere izango dugu antzerkiaz gozatzeko aukera.

Jon Iraola alkateak gaur goizeko aurkezpenean adierazi duenez, “goi-mailako eta kalitate handiko antzezlanak izango ditugu herrian antzerki oneko zazpi aste hauetan”. Horrela, drama, umorea, musika, pailazoak eta bestelako proposamenak ekarriko dituzte herrira jardunaldietan parte hartuko dute 22 konpainiek.

 

Anabel Alonsoren aurkezpena

Otsailaren 14an, Irene Hernando eibartarrak Anabel Alonso aktorearekin izango duen solasaldiarekin emango zaie hasiera Eibarko Antzerki Jardunaldiei. Jose Luis Gonzalez Udaleko Kultura zuzendariak gaur goizeko aurkezpenean esan duen bezala, erresilientzia izango da solasaldiaren ardatza. “Alonsok aktore eta emakume bezala izan duen erresilientzia izango dute mintzagai. Bere ibilbidearen errepasoa egiteaz gain, interpretazioaren munduko gora beherei nola aurre egin dien ikusiko dugu”, bere berbetan.

Aurkezpenaren hurrengo egunean, otsailaren 15ean, ‘La celestina’ antzezlana eskainiko dute Coliseo antzokian, Anabel Alonso protagonista izango delarik. Gonzalezen berbetan, “klasiko honen bertsio onenetakoa da hau. Oso ikuskizun borobila”.

 

25 antzezlan

Hurrengo antzezlana otsailaren 17an izango dugu ikusgai, 17:00etan, Coliseon. Haurrei zuzenduriko ‘Andereño’ ikuskizuna ekarriko du Anita Maravillas taldeak. “Objektuen antzerkian, istorioak kontatzen eta txotxongiloekin maisuak dira”, Gonzalezen ustez.

Antzerkia eta dantza garaikidea uztartzen dituen ‘Tombola’ ikuskizuna izango da hurrengoa jardunaldietan, otsailaren 18an, 19:00etan, Coliseon. Saray Garzia eibartarra da ikuskizunaren antzezleetako bat eta hori da, hain zuzen ere, jardunaldi hauen ardatzetako bat. “Eibartarren edo Debabarrena eskualdeko bizilagunen partaidetza duten ikuskizunak ekartzen saiatzen gara”, Gonzalezek azaldu duenez.

Aurpegi ezagun bat izango dugu hurrengo antzezlanean: Lolita Flores. Bere ama Lola Floresi proposatu eta egin ahal ezin izan zuen antzezlana ekarriko du gurera otsailaren 19an (19:00etan, Coliseon). Lolita Bernarda Albaren neskame Ponciaren azalean sartzen da ikuskizun horretan eta, Gonzalezen ustez, “zoragarri dago”.

Talentu berriari tokia egin eta berau bultzatu nahian, Ramon Bareak zuzentzen duen Pabellon 6 Gazte Konpainiaren ‘Dias estupendos’ antzezlana eskainiko dute otsailaren 21ean, 19:00etan. Alfredo Sanzolen lana da hau eta Euskal Herrian ditugun artista gazteei aukera eman nahi zaie horren bitartez.

Beste izen handi bat izango dugu hurrengo ikuskizunean, Carmelo Gomez aktorea izango baitugu gurean, Miguel Hermosorekin, otsailaren 23an. Miguel Delibesen izen bereko eleberrian oinarritutako ‘La guerra de nuestros antepasados’ ekarriko dute gurera eta, Gonzalezek azpimarratu duenez, “Gomezek gizonezko aktore batek azken urteetan egin duen antzezpen onenetakoa egiten du bertan”.

Beste eibartar bat izango dugu hurrengo saioan, zuzendari bezala kasu honetan. Kantabrian bizi den Anabel Diezek ‘El jardin de las posibilidades’ eskainiko du bere jaioterrian otsailaren 24an, Emilia Llanos Federico Garcia Lorcaren lagunaren begirada ekarriz.

Demode Quartet taldeak ‘Gurpil gainean’ ikuskizuna eramango du herriko kaleetara otsailaren 24an, 12:30ean eta 19:30ean. Horrela, bere kuatrizikloarekin Errebaletik Untzaga plazara joango dira eta bidean parodiak eta abestiak eskainiko dituzte a capella.

Euskarazko antzerkia izango dugu ondoren, otsailaren 27an. ‘Esnearen kolorekoa’ ikuskizuna aurkeztuko du Tanttaka antzerki-taldeak, goi-mailako izenekin: Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Olivares eta Jose Ramon Soroiz. Zuzendaria, bestalde, Fernando Bernues da.

Agurrak ere izango ditugu Antzerki Jardunaldietan. Gaur goizeko aurkezpenean berezkoa duten gaitasuna erakutsi duten Golden Apple Quartet taldekoek agur esango diote hainbat hamarkadatako ibilbideari ‘¡Vamos, que nos vamos!’ ikuskizunarekin, martxoaren 1ean. “Agur-birak oso hunkigarria dihardu izaten eta agur esatea kostatzen ari zaigu”, aitortu dute gaur goizean taldeko kideek. Euren abestirik ezagunenak ez dira faltako eta, nola ez, umorez jantziko dute saioa.

Beste klasiko bat izango dugu martxoaren 2an: Edipo. Zaragozako ‘El temple’ taldea izango dugu gurean, baina baldintza bat ezarri zuten hona etortzeko: herriko abesbatza batek euren ikuskizunean parte hartzea. Beraz, Sostoa abesbatza igoko da eurekin eszenatoki gainera. “Bi hilabete daramatzate elkarrekin entseatzen”, Gonzalezek esan duenez.

‘Lehendakarigaia’ antzezlanarekin arrakasta izan ondoren, berriro elkartu dira Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga. Oraingo honetan ‘Almazenean’ komedia ekarriko digute, martxoaren 4an, Hezkuntza Esparrura. Bertan, jubilatzeko dagoen arduradunak eta bere lanpostuan ordezkatuko duenak bost egunez lantokia partekatu dute, ezinbestean, itxuraz ezer gertatzen ez den almazen huts batean.

Eulalia Abaitua argazkilariaren historia eskainiko dute, martxoaren 7an, interpretazioa, irudia (Eulalia Abaituaren argazkiak) eta musika (Liher taldeko Lide Hernandoren eskutik) uztartuz. “Abaitua emakume aitzindaria izan zen, Euskal Herriko lehen emakume argazkilarietako bat. Berari esker Euskal Herriaren memoria bisuala dugu”, Gonzalezen hitzetan. ‘Mira hadi’ 19:00etan hasiko da eta euskarazko saioa izango da.

Euskarazko antzezlanekin jarraituz eta publiko gaztea erakarri nahian, ‘Bihar arte soilik’ antzezlana emango dute martxoaren 9an, 19:00etan. Go!azen bezalako saioetan ibili diren aktoreak dira protagonista eta gazteekin konektatzeko antzezlana izan daitekeela aipatu du Gonzalezek.

Hitz barik, mundu guztia barrezka jartzeko proposamena izango da hurrengoa: N’importe quoi. “Gaur egungo clown ikuskizun onenetakoa da”, Kultura zuzendariaren ustez. Martxoaren 10ean egongo da ikusgai, 19:00etan.

A Coruñako ‘Chevere’ antzerki taldeak ‘Proyecto Helen Keller’ ikuskizuna ekarriko du martxoaren 11an Coliseora. “Antzerki konprometitua egiten dute, salaketa kutsuarekin. Agian, ikuskizuna ikusten duzun bitartean ez zara konturatzen, baina amildegiaren ertzean jartzen zaituzte gai batzuren inguruan hausnartzeko”, adierazi du Gonzalezek.

Eibarren hainbatetan aritu den Rafael Alvarez ‘El Brujo’ aktoreak ‘El viaje del monstruo fiero’ antzezlana eskainiko du martxoaren 14an. Lope de Vegaren loa baten bidez hainbat memoria deklamatuko ditu ‘El Brujo’-k. “Hipnotizatu egiten du, horregatik esaten diote ‘El Brujo’”, esan du Gonzalezek.

Proposamen berezia hurrengoa. Zinearen mundua eta antzerkien zuzenekoa uztartzen dituen ‘La sed del minotauro’ eskainiko du Khea Ziater konpainiak martxoaren 15ean, Alex Gerediagak zuzenduta.

Antzerki amateurrak beti izaten du tokia Antzerki Jardunaldietan eta oraingoan Banarte Antzerki Tailerrak Mikel Areitioaurtena ermuarrak zuzenduriko ‘Aqui no paga nadie’ eskainiko du martxoaren 17an, 19:00etan, Hezkuntza Esparruan.

Maria Goiricelaya dramaturgo handiak ‘Nevenka’ ikuskizuna ekarriko du martxoaren 18an Coliseora. Bertan, Nevenka Fernandezen historia kontatuko da. Berak Ponferradako zinegotzi zela, alkatea akusatuen aulkian ezarri zuen jazarpen sexuala egotzita eta kasua irabazi zuen. Ostera, publikoki estigmatizatua izan zen.

Vaiven antzerki konpainiak ‘Masustondoen patioa’ eskainiko du martxoaren 19an, zaintzen gaia lantzen duen ikuskizuna. “Umorea eta tragedia uztartzen ditu Vaivenek, berak bakarrik dakien bezala”, Gonzalezen ustez.

Antzezlanekin amaitzeko eta Korrika urtea izanik, ‘Badon’ ikuskizuna eskainiko dute martxoaren 21ean, Korrika Kulturalaren barruan. Horrela definitu du Gonzalezek: antzerki sentsoriala, monologoak, musika… opera postmodernoa esaten diote batzuek. Onena antzerkia ikustea da eta bakoitzak bere iritzia sor dezala”.

 

Sarrerak 27tik aurrera

Sarrerak aurrez aurre erosteko, hilaren 25ean eta 26an hitzordua eskatu beharko da eta 27an, 28an eta 29an Coliseo antzokian eskuratu ahal izango dira. Gero, urtarrilaren 29tik aurrera, astelehen eta barixakuetan erosi ahal izango dira Coliseon, 17:30etik 19:30era. Sarrerak online erosi nahi izanez gero, 27tik aurrera egongo dira salgai baita ere.