‘Antzerki laborategi feminista’ antolatu du …eta kitto! Euskara Elkarteak Martxoaren 8ko egitarauaren baitan

‘Antzerki laborategi feminista’ antolatu du …eta kitto! Euskara Elkarteak Martxoaren 8ko egitarauaren baitan
2026/03/03 12:24
Irati Alvarez Malaxetxebarria

…eta kitto! Euskara Elkarteak 'Antzerki laborategi feminista' izeneko jarduera antolatu du Martxoak 8ko lantaldearen egitarauaren barruan. Tailerra martxoaren 14an, zapatuan, egingo da, 11:00etatik 13:00era, Andretxean. Doako jarduera izango da, eta emakumeei zuzenduta dago.

Formazioa Aitziber Eguzkizak eskainiko du, eta Gestaltaren printzipioetan oinarrituta, kontzientzia fisikoa, emozionala eta mentala lantzea izango du helburu. Besteak beste, oraina bizitzea eta emakume bakoitzak bere ekintzen eta emozioen ardura hartzea sustatuko da.

Antolatzaileen azalpenaren arabera, tailerrean gorputzarekin konektatzeko lana egingo da, gorputzari banaka zein taldean entzunez. Horretarako, norberaren eta taldekideen zaintza izango dira oinarri, eta jolasak protagonismo berezia hartuko du, barneratuta dauden arau eta inertzien desmekanizazioa eta haustura bultzatzeko.

Jardueraren bidez, emakumeak lotsak alde batera uztera, solastatzera, gozatzera, barre egitera, ikastera, ahalduntzera eta adierazpide berriak probatzera gonbidatu dituzte antolatzaileek, estereotipoak hausteko eta egunerokoan norberari eskaintzen ez zaion denbora berreskuratzeko helburuarekin.

Izena emateko epea martxoaren 13ra arte egongo da zabalik. Interesdunek andretxea@eibar.eus helbidera idatzi edo 943 543 938 eta 688 853 440 telefonoetara deitu ahal izango dute.