Hamahiru lagunek amaitu dute Udalak finantzatutako arreta soziosanitarioko ikastaroa

Edukeibarrek kudeatutako prestakuntzak 530 orduko iraupena izan du, eta SSCS0208 (2. maila) profesionaltasun-ziurtagiria lortzera bideratuta dago.
Hamahiru lagunek amaitu dute Udalak finantzatutako arreta soziosanitarioko ikastaroa
2026/11/09 11:49
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Hamahiru lagunek amaitu dute mendekotasuna duten pertsonei gizarte-erakundeetan arreta soziosanitarioa emateko ikastaroa. Eibarko Udalak finantzatu du, Enplegu eta Talentu Sailaren bidez, eta Edukeibar arduratu da hura kudeatzeaz. Amaiera ekitaldian, Udalaren aitortza jaso dute parte-hartzaileek.

Ikastaroak 530 orduko iraupena izan du: 450 ordu teorikoak izan dira, eta gainerako 80 orduak praktikak egiteko baliatuko dituzte. Prestakuntzan, besteak beste, higienea, elikadura, arreta soziosanitarioa eta laguntza psikosoziala landu dituzte. Orain, zentro soziosanitarioetan egingo dute praktikaldia.

Lanbiden lan-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeei zuzenduta egon da ikastaroa, eta SSCS0208 (2. maila) profesionaltasun-ziurtagiria eskuratzeko aukera ematen du. Prestakuntzaren helburua da parte-hartzaileek zainketen arloan lan egiteko behar dituzten ezagutzak eskuratzea eta laneratzeko aukerak zabaltzea.

Udalak adierazi duenez, zainketen sektorea lehentasunezko arloa da Eibarko Udalaren 2026-2030 Enplegu eta Tokiko Garapen Planean. Udalaren arabera, biztanleriaren zahartzeak handitu egin du adinekoen eta mendekotasuna duten pertsonen arretarako beharra, eta sektore horretan prestatutako langileak behar dira.