Apirilaren 23an amaituko da "Izengabeak" musika-lehiaketan izena emateko epea
Sanjuanen atarian, ekainaren 7an eta 8an, egingo da Izengabeak musika-lehiaketa Untzagan eta, gainera, bigarren egunean (zapatuan), Izaro Mallabiko abeslariak Untzagan kantatuko du. Lehiaketako izena-ematea zabalik dago eta apirilaren 23an amaituko da.
Lehiaketan parte hartzeko musika-taldearen %50k gutxienez Debabarrenekoa izan beharko du. Horrez gain, orain arte bi disko baino gehiago kaleratu ez izana ezarri dute baldintza modura. Musika-estiloan erabateko askatasuna dago, "eta horrek aparteko aukera emango die herriko artistei beraien originaltasuna erakusteko".
Parte hartzeko, interesdunek lehiaketaren web-orrian prestatutako atal batean emango dute izena. Bertan, taldearen historia labur bat, argazki adierazgarri bat, rider edo fitxa tekniko bat eta lau kantu aurkeztu beharko dituzte, MP3 formatuan. Abesti horietako bi, gutxienez, konposizio originalak izango dira, eta guztira ez dute 20 minutu baino gehiago iraungo.
Lehiaketak bi fase nagusi izango ditu: hasierako aukeraketa-fasean, izena emandako talde eta bakarlari guztietatik hautaketa bat egingo da; eta lehiaketaren azken fasean, hautatutako finalisten zuzeneko emanaldiak egingo dira. Andoni Zabala Kultura zinegotziaren arabera, "lehiaketak, talentua erakusteko plataforma bat izateaz gain, musikarien eta publikoaren arteko interakzioa eta ideien hartu-emana ere sustatuko du". Proiektu hau PSE-EE eta EH Bildu taldeen arteko 2023ko aurrekontu-akordio baten emaitza da.
Sariak ere erakargarriak izango direla nabarmendu dute: 3.000 euro eta 150 ordu Legarreko grabazio-estudioan, eta 2.000 euro eta 150 ordu Legarreko grabazio-estudioan. gainera, euskarazko kantu onenarentzat 500 euroko saria ere banatuko da.
Lehiaketan izena emateko ondoko inprimakia bete beharko da: https://formularioak.eibar.eus/eu/izengabeak2024