Aratosteetako kuadrillen mozorro-lehiaketarako eta dekorazio onenaren tabernen-lehiaketarako izen-emateak zabalik daude
Aratosteak ate joka ditugu eta, helburua ondo pasatzea bada ere, Udalak zenbait lehiaketa antolatu ditu jai-giroa bultzatzeko. Horrela, azken urteetan arrakasta izan duten kuadrillen mozorro-lehiaketa eta dekorazio onenaren tabernen-lehiaketa egingo ditu aurten ere.
Kuadrillen mozorro-lehiaketa
Kuadrillen desfilera lau talde mota aurkez daitezke. Helduen kuadrillek gutxienez 16 urtetik gorako 10 kide izan behar dituzte; umeen kuadrillek gutxienez 10 lagun, eta haien hiru laurdenak 15 urte baino gutxiagokoak izan bhearko dira; helduen kuadrilla txikiek 4-9 partaide bitartean eduki behar dituzte, erdiak baino gehiago 16 urtez gorakoak; eta haurren kuadrilla txikiek 4-9 partaide, erdiak baino gehiago 15 urtetik beherakoak.
Azken urteotan gero eta jende gehiagok hartu du parte desfilean eta aurten Sin Juicio eta Ustekabe fanfarrek girotuko dute ibilbidea, 12:30ean Untzagan hasita.
Lehiaketan parte hartzeko epea hilaren 24an amaituko da eta esteka honen bitartez eman ahal izango da izena.
Dekorazio onenaren tabernen-lehiaketa
Dekorazio onena duen taberna-lehiaketak lokalen sormena sarituko du; izan ere, gaika girotuta, tabernek Aratosteak esperientzia ahaztezina izatea ahalbidetuko dute. Patxi Lejardi jaietako zinegotziak Aratosteen egitarauaren aurkezpenean esan zuenez, “tabernek demaseko esfortzua egiten dute lokala ondo apaintzeko”.
Lehiaketan parte hartzeko epea hilaren 26an amaituko da eta esteka honen bitartez eman ahal izango da izena. Epaimahaia hilaren 28ko arratsaldean pasako da tabernetatik.