Hilaren 22an hasiko diren aratosteen egitaraua aurkeztu dute gaur goizean
Patxi Lejardi jaietako zinegotziak eta Jon Iraola Eibarko alkateak aratosteetako egitarauaren eta kartel irabazlearen berri eman dute gaur goizean egin duten prentsaurrekoan. Agintariek herriko eragileen parte-hartzea eta lana goraipatu dute, eta herritarrei ekintzetan parte-hartzeko deia egin diete: “Besteekin partekatzeko jaiak dira. Mozorrotuz gero, ziur giro ona aurkitzen duzuela eta hori itsaskorra da”, Lejardiren berbetan.
Koko-eske eta koko-dantzak
Kezka dantza taldeak antolatzen dituen koko-eske eta koko-dantzek emango diete hasiera aratosteei hilaren 22an, zapatua. 08:30ean elkartuko dira Errebalen eta 09:00etan Aginako eta Mandiolako baserrietara joko dute, baserriz baserri 14.00ak arte dantza egiteko.
Herrira joko dute gero eta 18:30ean koko-mokoak Errebalen elkartuko dira koko-dantzak eta kantuak eskaintzeko. Ondoren, Mausitxa txarangarekin lagunduta kalejira egingo dute Zuloagatarren, Toribio Etxebarria, Untzaga, Kalbeton eta Plaza Barria zeharkatuz Errebalera itzuli aurretik.
Eguneko egitarauarekin amaitzeko, 21:15ean azken koko-dantzak eta kantuak eskainiko dituzte Errebalen.
Edonork parte hartu dezake koko-dantzen kaleko kalejira eta dantzetan, eta otsailaren 20an, 19:00etatik 22:00etara, dantzen entseguak eta koko-jantzien banaketa egingo dute Errebal Plazan.
Eguen Zuri eta Aratoste Barixakua
Aurten hilaren amaieran gozatuko dugu aratosteetako egun potoloez. Horrela, 27an izango da Eguen Zuri. Ohikoa denez, eskolen kalejirak izango dira eguneko protagonista nagusiak eta 15:15ean emango zaie hasiera. 17:00etan hiru ekintza hasiko dira. Batetik, Jainaga eta Narbaizak kalejira egingo dute Urkizutik Untzagaraino; bigarrenik, Liskerrek erromeria eskainiko du Untzagan; eta hirugarrenik, Untzagan ere, tailerrak egingo dira (karetak eta makilaia Astixaren eskutik). Amaitzeko, 19:00etan, mozorro lehiaketa egingo da Galiziako Etxean.
Aratoste Barixakuan, 28an, kaldereroen kalejira egingo da 20:00etan eta honako taldeek hartuko dute parte: Kezka, ...eta kitto! Euskara Elkartea, Txolarte, Ustekabe, Musika Eskolako trikitilariak, Lagun taldea, Untzagako nagusien egoitzako abesbatza, Kaleetan Kantuz eta Jainagaren trikitixa eskola. Bitartean, 20:30ean, aratosteetako pregoia egingo da Klub Deportiboaren leihotik Deporrek eta ...eta kitto!-k antolatuta.
Aratoste Zapatua
Egun osoko jaia bihurtu da Aratoste Zapatua eta Udalak goizetik gauera arteko egitaraua prestatu du. 12:30ean ‘Rock kalean’ ekimena eramango dute herriko kaleetara eta, ordu berean, koadrilen kalejira hasiko da Ustekabe eta Sin Juicio fanfarreekin. Bertan izena eman ahal izateko, formulario hau bete beharko da eta hilaren 10etik 24 arte egongo da epea.
16:30etik 19:30era puzgarriak jarriko dituzte Untzagan; 18:30ean txokolatada egingo da toki berean; 19:00etatik 21:30era umeentzako berbena eskainiko du Mugi Panderoak; 19:00etan Latuna Bando txaranga eibartarrak kalejira egingo du; eta 23:30etik 01:30era Mugi Panderoak dantzaldia eskainiko du.
Argazkirik falta ez dadin, photocall-a jarriko dute 12:30etik 14:30era eta 19:00etatik 21:00etara Untzagan.
Domekan play-backa eta martitzenean entierrua
Aratoste Domekan, 11:00etan, Usartza Txistulari Bandak kalejira egingo du. “Lehen aldiz mozorrotuko dira”, Lejardiren berbetan. Baina ez da eguneko musika emanaldi bakarra izango, 17:00etan, Untzagan, umeentzako play-back lehiaketa antolatu baitu ...eta kitto! Euskara Elkarteak. Ondoren, 18:30ean, DJ Arnoren emanaldia egongo da toki berean.
Aratoste Martitzenean, 17:00etatik 18:30era, umeentzako jolasak egongo dira Untzagan Astixaren eskutik. Eta jai guztiarekin amaitzeko, 18:30ean, sardinaren entierru txikia egingo da Jainagaren trikitilari eskolakoen laguntzarekin.
Kartel lehiaketaren irabazleak
Aratosteak iragartzeko, Nora Gondat Unzalu pasaitarrak sortutako kartela aukeratu dute. ‘Zahar eta berri’ izenburua du eta bere originaltasuna nabarmendu dute. 14 urte artekoen mailan Itziar Eiriz Vila izan da irabazlea ‘Hartzaren mozorro gozoak’ kartelarekin eta 10 urte artekoen mailan Uxue Alberdi Azurmendiren ‘Gora puxikak’ lana aukeratu dute.
Helduen mailan 62 lagunek hartu dute parte, nerabeen mailan 22 lagunek eta 10 urte azpikoenean 26 parte-hartzaile izan dira. Beraz, 110 lagunek hartu dute parte guztira. Gazteen mailan eibartarrak izan dira parte-hartzaile guztiak eta helduenean asko izan dira herrikoak.
Tabernen lehiaketa
Aratosteetan ondoen apaindutako tabernaren lehiaketa ere jarriko dute martxan. Izena-emateko formulario hau bete beharko da eta hilaren 10etik 26ra arte egongo da epea zabalik. Gero, epaimahaia hilaren 28ko arratsaldean pasako da tabernetatik.
Patxi Lejardik adierazi duenez, “tabernek demaseko esfortzua egiten dute lokala ondo apaintzeko”.