Argazkilaritza Maiatzean aurkeztu dute Deporren

Argazkilaritza Maiatzean aurkeztu dute Deporren
2014/04/29 00:00
eta kitto!

Gaur (martitzena, hilak 29) aurkeztu dute Deporren Argazkilaritza Maiatzean Klub Deportiboko Argazkilaritza Taldekoek.
Programaren barruan zazpi erakusketa antolatu dituzte: maiatzaren 2tik 25era bitartean Garcia de Marina, Enric Pamiés eta Portfolio Natural taldekoen argazki erakusketak egongo dira ikusgai Portalean; Topalekuak Jose Ramon San Jose iazko Indalezio Ojanguren sariaren irabazlearen argazki erakusketa hartuko du; Depor tabernan 33. Argizaiola Lehiaketako lanak ikusteko aukera izango da; eta Ambigu eta Portalea tabernetan eta Untzagako jubilaru etxean Deportiboko Argazkilaritza taldekoen erretratoak egongo dira. Horrekin batera, maiatzaren 11n Untzaga plazan argazki-estudioa ipiniko dute, argazki minutularien omenez: Leire Kareagak margitutako dekoratu modukoan burua aterata, Pantxika astoarekin, Ibarkurutzeko iturriarekin eta beste hainbatekin batera erretratua ateratzeko aukera izango dute nahi duten guztiek.
Horrekin batera, Jose Manual Naviak "master class"a emango du maiatzaren 17an (20 euro) Armeria Eskolan. Orain arte 80 bat lagunek eman dute izena, baina oraindik izena emateko aukera dago argazkilaritza@deporeibar.com e-postan. Programa biribiltzeko maiatzaren 25ean Argazki Rallya egingo da. Egitarau osoa irakurtzeko hemen klikatu.