Argazkilaritza Maiatzean-eko erakusketa guztiak zabaldu dituzte
Barixakuan zabaldu zituzten Klub Deportiboko argazkilaritza batzordeak antolatzen duen Argazkilaritza Maiatzean-eko erakusketak, estatu mailako argazkilari onenen lanekin. Portaleko erakusketa aretoa, Topaleku, Untzaga Gizarte Etxea, Portalea taberna eta Klub Deportiboa, Eibarko erakusketa areto guztiak bete dituzte aurten ere Deporreko argazkilariek. Portalean dago erakusketa nagusia: Iñaki Marcaidaren Momentuaren aurretik eta ondotik, Katy Gomezen Ellas, elles, they..., Adolfo Olmedoren Costa Agata eta Diego Pedraren Distopia izenburukoak ikusi daitezke bertan. Topalekuan, berriz, Deporreko argazki taldeko Txema Artetxeren Un lugar de leyenda izenburukoa dago, Saturrarango argazki ikusgarriekin. Hauekin batera, 51. Gipuzkoa Nazioarteko Sariko lanak Untzaga Gizarte Etxean ipini dituzte ikusgai, eta Argizaiola Sarikoak Deporren bertan. Klubeko Argazkilaritza batzordeko kideen lanak, berriz, Portalea tabernan ikusi ahal dira. Erakusketa guztiak maiatzaren 26ra arte egongo dira zabalik.