Armeria Eskolako ateak zabalduko dizkiete herritarrei zapatuan, ikastetxea bertatik bertara ezagutzeko

Maiatzaren 16an ospatuko dute ‘Armeria Eskola ezagutu’ jardunaldia, 11:00etatik 13:00era.
Armeria Eskolako ateak zabalduko dizkiete herritarrei zapatuan, ikastetxea bertatik bertara ezagutzeko
2026/05/13 12:05
Silbia Hernandez Arrazola

Armeria Eskola ezagutu jardunaldia ospatuko dute Armeria Eskolan zapatuan, maiatzaren 16an, 11:00etatik 13:00era. Ikastetxetik adierazi dutenez, “aukera berezia izango da Armeria Eskolak azken urteotan izan duen eraldaketa herritarrei erakusteko. Gizartearen aldaketa azkarrak Lanbide Heziketari ere egokitze lan handia ekarri dio, eta Armeria Eskola baliabide, azpiegitura, eskaintza eta metodologia aldetik behar berri hauetarako transformazioan ari da. Jardunaldi honen bidez gazte zein adineko, elkarte eta enpresek, guzti honen berri bertatik bertara jasotzeko aukera izango dute. Jardunaldian zehar, azpiegitura digitalak (murgiltze eta interaktibo gelak), berrikuntza proiektuak, Learning Factory metodologia edo inguruko erakunde, enpresa edo ikastetxeekin izaten ari garen kolaborazioak ezagutu ahalko dituzte. Umeentzako eskulan tailerrak eta yoga ere izango ditugu. Jardunaldia hamaiketako batekin amaituko dugu”. 
Antolaketa errazte aldera, antolatzaileek aurretik izena ematea eskertuko luketeela gaineratu dute. Izena eman eta tokia erreserbatzeko, HEMEN sakatu.