Armeria Eskolako eta Municheko seina ikaslek energia berriztagarri eta jasangarrietan trebatzeko modulu-pilotua hasi dute

Aurreko ikasturtean abiatu zuten Armeria Eskolan 'Raising Awareness Initiative about Sustainability Education in VET (RAISE VET) Erasmus+' proiektua, Garapen Iraunkorrerako Hezkuntza (ESD ingelesez) lanbide-heziketan txertatzeko helburuarekin. Proiektuaren baitan, ikasleek jasangarritasunaren inguruko gaitasunak ikas ditzaten, atzo hasi zen hiru asteko modulua (aste birtual bat eta bi aste presentzial) diseinatu dute.
Armeria Eskolako eta Municheko seina ikaslek energia berriztagarri eta jasangarrietan trebatzeko modulu-pilotua hasi dute
2024/11/05 17:02
eta kitto!

Atzo ekin zioten Iraunkortasun Eragileak izeneko moduluaren fase pilotuari, Municheko (Alemania) eta Armeria Eskolako seina ikaslek osatutako taldearekin. Bi astetan zehar, ikasleek erronka errealak landuko dituzte, hala nola eskolaren auditoria energetikoa, Eibarrerako irtenbide jasangarrien azterketa, eta eko-diseinuaren eta ekonomia zirkularraren inguruko eztabaidak. Halaber, ikasleek gogoeta egingo dute “Nola aurreztu dezakegu energia?” eta “Zer egin dezakegu gure gailu elektronikoak berrerabilgarriak izateko?” galderen inguruan, besteak beste.
Gaitasun Berdeen Tailerra
Moduluaren ekitaldi nabarmena datorren asteko eguaztenean, azaroaren 13an izango da: Jon Ander Sarasua Teknikerreko Jasangarritasun arduradunak Gaitasun Berdeen Tailerra izenburukoa emango du, 12:30etik 14:30era. Ikastetxeko arduradunen berbetan, “berak aurkeztuko ditu lanbide teknikoetan beharrezko gaitasun berde nagusiak, eta ondoren ikasleek, industria eragile eta Tknikako ordezkarien laguntzarekin, Gaitasun Berdeen Dekalogoa garatuko dute, etorkizuneko lanetan jasangarritasunerako praktika egokiak gidatzeko. Gainera, ikasleek Europako Klimaren Ituna ekintzetan parte hartuko dute, Udaleko adituekin elkarlanean garatutako ‘Eibar Climate Walk’ eta argazki-erreportaje baten bidez. Ekintza horiek ikasleen iraunkortasunarekiko inplikazioa sakontzea dute helburu, haien komunitateetan aldaketa-eragile bihurtzeko asmoarekin”.



Ikasleek Tekniker Eibarko Ikerketa Zentro Teknologikoa bertatik bertara ezagutzeaz gain, Euskal Herriko bi energia berriztagarrien instalazio bisitatuko dituzte, “euren ikaskuntza praktikoak aberasteko”. Lehenik, Armintzako itsas plataforma flotatzailea, BIMEP (Biscay Marine Energy Platform) bisitatuko dute eta, ondoren, Mutrikuko olatuen energia planta. Azaldu dutenez, “bisita hauetan itsasoko energia berriztagarriak zuzenean ezagutzeko eta horien eragina aztertzeko aukera aparta izango dute ikasleek, Jon Lekube adituaren eskutik”.

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by Armeria Eskola (@armeriaeskola)