Basalgo parke eolikoaren proiektuak kezka piztu du Debabarrenean
Proiektuaren inguruan eta izan ditzakeen ondorioei buruzko kezka azaldu dute hainbat herritarrek. Gardentasun falta salatu dute. Egitasmoak Eibar, Elgeta, Soraluze eta Bergarako udal-mugarteetan eragina izango luke. Proiektuak aurrera egin ez dezala eskatu dute.
2025/11/06
13:14
Irati Alvarez Malaxetxebarria
Debabarreneko hainbat herri zeharkatzen dituen mendikatean jarri asmo duten aerosorgailuen berri izan bezain pronto, larritasuna piztu da herritarren artean. Proiektuaren txostena urriaren 17an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu bazen ere, gutxik dakite zertan datzan parke eolikoak eta zer ondorio ekarriko lituzkeen. Herritarrak informatuta egon behar direla sinetsita eta Eibarko Baso Biziak elkarteari propio eragiten dion proiektua izanik, bilera ireki eta parte-hartzailea egin zuen eguaztenean elkarteak.
Joseba Zuzaeta bergararrak (Larramendiko arnasa) eta Manex Arzuagak (Eibarko Baso Biziak) hartu zuten hitza, nagusiki. Txosten publikoaren xehetasunak, proiektuaren kontrako argudioak eta proiektua bertan behera uzteko zer egin daitekeen azaldu zuten. Gainera, “mehatxuari” aurre egiteko lehen hazia erein zuten bileran bertan, plataforma bat sortuz.
Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren eskumeneko proiektua da Basalgo Parke Eolikoa. Arena Power Solar 10 SLU enpresak aurkeztu du. Hainbat herri zeharkatzen dituen mendikatean guztira sei aerosorgailu jartzea aurreikusi dute: hiru Bergaran, bi Eibarren eta bat Soraluzen. Egitasmoa gauzatuko baldin bada obra zibila Elgetatik egingo denez, bertako lurretan ere eragina izango luke. Oraingoz ez dago behin betiko baimenik, ezta egikaritze-faserik ere. Bestalde, abian da alegazio-epea eta 30 egun balioduneko denbora-tartea du. Eibarko Udalak jakinarazi du jada epea luzatzeko eskatuko duela.
Informazio berria zabaldu zuen bileran Eibarko Baso Biziak taldeko kideak. “Hasieran Basalgoko parke eolikoa zuen izena proiektuak. Orain, aerosorgailu bakoitza parke eoliko bat bilakatu da: «PE Cote 26», «PE Galera 26», «PE La Carmelita 3», «PE Lima», «PE Los Pistoleros 4» eta «PE Paloma 5». Diotenez, proiektuak izendatzerako orduan toponimiak ez erabiltzea "ez da kasualitatea".
Modu berean, lehen proiektuaren sustatzaile bakarra Arena Power Solar 10 SLU enpresa zen. Orain, aerosorgailu bakoitza parke eoliko independente gisa erregistratu dute. Aipaturiko sevillako enpresarenak dira guztiak, baina izen eta enpresa desberdin batekin izendatu dituzte.”
Txostenen informazioaren arabera, aerosorgailuen potentzia 28,00 MW-ra jaitsi dutenez, ‘Nordex’ enpresarenak izango direla diote. “Altuera-euskarria 112 metro, eta guztira, 200 metro izango lirateke. Beraz, Untzaga plazako (77 metro) dorrea ia hiru aldiz izango da aerosorgailu bakoitza. Beste haize errotekin alderatuz, Oizekoek, esaterako, guztira 60 metro dituzte” azaldu du Arzuagak. “Horrek esan nahi duen guztiarekin. Aerosorgailu bakoitza zutik eusteko pentsa zelako obra egin behar den. Eta gero, materiala garraiatzerako bidea ere bai. Azurtzatik Topinbururako bideak gaur egun 3 metro ditu, baina 66 metroko piezak garraiatzeko trailerra egin beharko da. Imaginatu nolako kamioia pasa beharko den eta horretarako nolako txikizioa egingo den” gehitu zuen Zuzaetak. Adibideak eman zituen Arzuagak. “Dokumentuan jasotzen denez, Elgetan eta Azurtzan saihesbide bat egingo dute materiala igaro ahal izateko”.
Jasotako datuez gain, proiektua gauzatzerako orduan ere badute kezka. “Proiektua aipaturikoa da, teorian. Baina gero, ez dago inor hori egingo dela ziurtatu, zuzendu edota gidatuko duenik. Nork bermatzen du beteko direla proiektuan esandakoak? Ez dago inor. Horrelakoetan enpresek nahi duten guztia egiten dute proiektuaren lurretan zein ingurukoetan, lurrak pribatuak izan edo ez.” salatu zuen Zuzaetak.
Bileran nabarmendu zutenez, enpresak harremanetan jarri dira proiektuaren zati bat haien lurretan egingo duten hainbat kalteturekin. Beste batzuek, ordea, salatu dute hori ez dela haien kasua eta informazioa falta zaiela. Eibarko Baso Biziak elkarteko lurrak ere hartzen ditu proiektuak.
Alegazioak eta plataforma berria
Proiektua geldiarazteko bidean, alegazioak modu bateratuan aurkeztearen alde agertu dira. “Alegazioak legalki edonork aurkez ditzake, baina talde gisa izango dugun inpaktua eta indarra handiagoak izango dira”. Horretarako, ingurumen arloan antzeko kasuetan parte hartu duten adituak laguntzeko prest daudela azaldu zuten. “Alegazio desberdinak eta ongi landuak egitea komeni zaigu, eta horretarako badugu esperientziadun jendea”.
Herritarrak proiektuaren aurka antolatzeko plataforma bat sortzea ere proposatu zuten. Izen-zerrenda bat zabaldu dute, eta azaldu zutenez, edozeinek bere ekarpena egin dezake. Laster emango dute plataformaren berri.
Udalak alegazioak aurkeztuko ditu
Eibarko Udalak adierazi du proiektuaren espedientea aztertzen ari dela, eta ikuspegi tekniko batetik alegazioak aurkeztuko dituela inpaktuak murrizteko eta neurri zuzentzaileak eskatzeko. Halaber, alegazio-epea luzatzeko eskatuko du, herritarren parte-hartzea bermatzeko. Horretarako, bi saio informatibo antolatu dira azaroaren 13an Coliseo antzokian: 11:00etatik 13:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara elebitan.