Arragueta kalea 20 astez itxiko dute berrurbanizazio-obrak direla eta
2026/04/09
11:47
Silbia Hernandez
Arragueta kalea berrurbanizatzeko obrak direla-eta, apirilaren 13tik aurrera (astelehena) trafiko-aldaketak egongo direla iragarri du Udalak. Obrek 20 asteko iraupena izango dutela aurreikusi dute. Lanek Arragueta kalea ixtea ekarriko dute, eta, ondorioz, ibilgailuak Bittor Sarasketa eta Matsariatik desbideratu beharko dira. Alberto de la Hoz Trafiko eta Mugikortasun zinegotziak jakinarazi duenez, “trailerrak, autobusak eta 8 metro baino gehiagoko luzera duten ibilgailuak) ezin izango dira Bittor Sarasketatik sartu, eta Estaziñotik sartu beharko dute herrigunera. Bestalde, Arikitzaneko Zubian noranzkoa aldatuko da (orain arte, kale horrek Ibarkurutze eta Bidebarrieta lotzen zituen, jaitsieraren noranzkoan) eta, apirilaren 13tik aurrera, Bidebarrieta Ibarkurutzerekin lotuko du (igotzeko noranzkoan), eta ezingo dira 10 metro baino gehiagoko ibilgailuak sartu. Hori dela eta, Bilborako autobus geltokietan aldaketak egongo dira”. Horrela, Barrenako geltokia Barrena 21era (Dia supermerkatuaren parera) lekualdatuko da, eta Urkizuko autobus-geltokia Errebalera. Gidariei eta oinezkoei kontu handiz ibiltzea, behin-behineko seinaleak errespetatzea eta, ahal den neurrian, ibilbide alternatiboak erabiltzea gomendatzen zaie, auto-ilarak saihesteko. Bestetik, Udalbus zerbitzuan ez dela aldaketarik izango adierazi dute.